Pailazoen eta ikus-entzuleen omenaldia jaso du Txapasek

Julene Frantzesena 2025ko urr. 20a, 09:54

Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek Ostirala iritsi da ikuskizunaren azken bi emanaldiak eskaini zituzten atzo Azpeitiko Soreasu antzokian. Ikuskizuneko protagonista den eta Oihana Sanchezek hezurmamitzen duen Josu Txapartegi Txapas musikari zarauztarrari aitortza txiki bat egin zioten. Agertokian izan zen Txapas, eskusoinuarekin. Bigarren emanaldia, gainera, hil berri den Xabier Aranbarriri eskaini zioten.

Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek Ostirala iritsi da! ikuskizunaren bi emanaldi eskaini zituzten atzo Azpeitian, Soreasu antzokian, eta bi saioetara herritar ugari bertaratu ziren. Sorpresa bat ere izan zen, gainera, bi emanaldien bukaeran; izan ere, pailazoek atzo taularatu zuten ikuskizuneko protagonista, Josu Txapartegi Txapas musikari zarauztarra, agertokira igo zen. Gainera, bigarren emanaldia duela bi aste hil zen Kulturaz kooperatibako kudeatzaile Xabier Aranbarriri eskaini zioten pailazoek. 

Hainbat hilabetetan herriz herri ibili ostean, atzoko emanaldiekin bukatu zuten pailazoek Ostirala iritsi da! ikuskizunaren bira, eta azken hitzorduak baliatu zituzten ikuskizunean Oihana Sanchezek hezurmamitzen duen Txapasi aitortza txiki bat egiteko. Izan ere, ikuskizun horretan erabiltzen dituzten hamasei kantu Txapasek eta Imanol Urbieta herrikideak sortutakoak dira.

Zarauztarra eskusoinuarekin igo zen agertokira, eta pailazoekin batera abestu zituen Bizitza kantu bat da eta Ostirala iritsi da kantak. Hitza ere hartu zuen, eta "oso pozik" zegoela adierazi. "Badakit azken aldiz izango dela ikuskizuna, eta niri beti bihotzean geratuko zait opari hau", esan zuen. Halaber, azpeitiarrentzat esker hitzak izan zituen, "azken agurra" eman ziotelako, eta umeei hala esan zien: "Ondo bizi eta euskaldunak izan". Txalo artean hartu zituzten ikus-entzuleek haren hitzak.

Hona hemen Txapas agertokian Bizitza kantu bat da abestia kantatzen ageri den bideoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide