Goizeko eta arratsaldeko ekintzak borobilduta, amaitu da Zezen Beltz elkarteak antolatutako 16. Zezen Beltz Asteburua. Atzoko Grand Prix jendetsuaren ostean, gaur kaleko ekintzak izan dira protagonistak.
Aurten, Done Jakue kalean egin dute orain arte plazan egiten zuten jan-edana. Herritarrek txahal saiheski, solomo eta oilasko pintxoak dastatu ahal izan dituzte 12:00etatik aurrera Frontoi Txiki ondoko plazatxoan. Era berean, bigantxak atera dituzte Done Jakuen jarri ohi zuten zezen plazatxora, eta euria egin duen arren, jende ugari elkartu da han. Batzuek jan-edanerako probestu dute eguerdia, eta beste batzuek bigantxetan ibiltzeko.
Arratsaldean borobildu dute aurtengo egitaraua helduen entzierroarekin. 17:15ean Artzubitik hasita egin dute entzierroa; handik plazara joan dira zezenak, eta ondoren atzera buelta egin dute, hiru alditan. Ohi bezala, herritar asko atera da kalera entzierroa ikustera nahiz bertan parte hartzera. Eguna bukatzeko, zezen bolaztatuak izan dira Artzubian.