Gaurtik egin daitezke ISBren Garagardo Azokako jatorduetarako erreserbak

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 22a, 12:45

Igor Mantzisidor, Iban Kerejeta eta Ibon Guridi Azoka Plazako eskaileretan, gaur, XV. Garagardo Azokaren kartelekin. (Mailo Oiarzabal)

Gaur hasi dituzte Azoka Plaza prestatzeko lanak, eta gaur, bihar eta ostiralean 16:00etatik 19:00etara gorde ahalko dira han Garagardo Azokan afaltzeko edota bazkaltzeko tokiak. Ostiralean irekiko dute Garagardo Azoka, eta aurtengoaren berrikuntzak azaldu dituzte gaur Iraurgi Saskibaloiko antolatzaileek.

Etzi, urriaren 24n, irekiko ditu ateak Iraurgi Saskibaloiak antolatutako XV. Garagardo Azokak, eta aurtengo ediziorako prestatu dutenaren berri emateko agerraldia egin dute ISBko Ibon Guridik, Igor Mantzisidorrek eta Iban Kerejetak gaur goizean, lau eguneko gagardo festa hartuko duen Azoka Plazaren atarian.

Izan ere, gaur bertan hasi dira Azoka Plaza garagardo azokarako prestatzen; eta gaur bertan irekiko dute, halaber, urriaren 24an, 25ean eta 31n nahiz azaroaren 1ean –azokako lau egunak– ISBren XV. Garagardo Azokan afaltzeko edota bazkaltzeko tokia gordetzeko aukera. Gaur, bihar eta ostiralean, 16:00etatik 19:00etara joan daitezke herritarrak Azoka Plazara jatorduetarako erreserbak egitera; hala ere, tokia aurrez gordetzea ez da ezinbestekoa, azokako egunetan ere martxan izango baita txardeldegia Azoka Plaza atarian.

Hanburgesak eta prezio bereziak

Duela bi aste aurreratu bezala, David Rodriguez entrenatzailea omenduz irekiko du etzi Iraurgik XV. Garagardo Azoka. 20:15 aldera egingo dute irekiera ofizialaren ekitaldi hori, baina 18:00etan irekiko dute atariko barra, pintxo-poteorako.

Iaz lehen aldiz egin bezala, aurten ere azokako bi larunbatetan –urriaren 25ean eta azaroaren 1ean– bazkariak ere emango dituzte Azoka Plazan, 14:00etatik aurrera. Azaroaren 1ean, gainera, prezio berezietan emango dituzte bazkariak, 14:00etatik 17:00etara, aurrez erreserba eginez gero. Bazkariak ez ezik, zapatu arratsaldeetan garagardo bat ordainduz bi erosteko aukera eskainiko dute. Garagardoei dagokienez, aurreko urteetakoen zerrendari beste hiruzpalau berri gehituko dizkiete (kartelean jarri dituzte guztiak); eta aurten, gainera, kalimotxoa ere jarriko dute salgai. Jatekoan ere izango da berrikuntza aipagarri bat: hanburgesak sartu dituzte eskaintzan, ukondoarekin, saltxitxekin eta oilaskoarekin batera.

Lau egunetan, 02:00 arte irekita izango da Garagardo Azoka, eta gauero izango da musika Azoka Plazan, festa girotzeko: etzi, Juanjo Lapeiraren eskutik, 1980ko hamarkadako musika; urriaren 25ean, Kanpax DJa; urriaren 31n, Izer eta Alabier; eta azaroaren 1ean, Maikiño DJa.

Jokalariak, gurasoak, klubeko kideak eta bestelako boluntarioak... 200dik gora lagunek egingo dute lan Gagardo Azokaren lau egunetan, eta antolatzaileek guztien prestutasuna nabarmendu nahi izan dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide