San Silbestreko proba nagusirako ehun dortsal gehiago salduko dituzte bihartik aurrera

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 23a, 11:20

Herritar talde bat, iazko San Silbestre lasterketaren edizioan parte hartzen. (Ihintza Elustondo)

Sei kilometroko probarako 1.200 dortsal jarri zituzten eskuragarri, baina urriaren 5erako agortu ziren guztiak. Orain, izen emateen muga 1.300 parte hartzailera igotzea erabaki du antolakuntzak. Dortsal horiek bihar 18:00etatik aurrera jarriko dituzte salgai.

San Silbestre lasterketarako izen emateak izan duen arrakasta ikusita, sei kilometroko probarako beste ehun dortsal eskuragarri jarriko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Bihar, ostirala, 18:00etatik aurrera, erosi ahal izango dira dortsalak kirolprobak.eus webgunean.

Abenduaren 31rako hiru lasterketa prestatu ditu Xeye atletismo taldeak Azpeitian: 11:00etan, lasterketa irekia (300 metro) jokatuko da inklusibitatearen alde, eta parte hartzeko ez da izenik eman beharko; 11:30ean, hiru kilometroko lasterketa hasiko da, 12 urtetik aurrerakoentzat; eta 12:00etan, sei kilometroko 24. San Silbestre lasterketa hasiko da, 14 urtetik aurrerakoentzat. Azken proba horretarako 1.200 dortsal jarri zituzten eskuragarri, baina urriaren 5erako agortu ziren guztiak. Orain, izen emateen muga 1.300 parte hartzailera igotzea erabaki du antolakuntzak.

Bestalde, azken egunetan hiru kilometroko lasterketan izena eman dutenek, nahi izanez gero, sei kilometroko probara aldatzeko aukera izango dute; horretarako, azpeitikoss@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.

Boluntarioen beharra

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Azpeitiko San Silbestre lasterketa inoiz ez da mila korrikalarien langa gainditzera iritsi; aurtengo edizioa, beraz, erronka izango da haientzat. Hori dela eta, boluntarioen beharra dutela nabarmendu dute, beraz, lagundu nahi duenak, esteka honetan eman dezake izena.

Boluntarioez gain, "antolakuntza lagun" modura parte hartzeko hamasei plaza geratzen direla gogoratu dute antolatzaileek. Laguntzaile horiek lasterketa amaieran desmuntai lanetan lagundu beharko dute ordu erdiz, eta trukean, dortsala doan lortuko dute.

Dortsalak Aitzaki Kirolak eta Plaza Berri Sport dendetan jasotzeko aukera izango dute aurrez izena eman dutenek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide