Denboraldi bikaina osatu du Jexux Zelaia Azpeitiko mendi korrikalariak. Beteranoen kategorian, maiatzean, Euskal Herriko Kilometro Bertikaleko Txapelketa irabazi zuen, eta ekainean, garaile izan zen Villanuan (Huesca, Espainia) jokatu zuten Espainiako Kilometro Bertikaleko Txapelketan. Atzokoan, berriz, Euskal Herriko Igoera Bertikaleko Kopako garaile izendatu zuten 56 urtetik gorakoen Master C kategorian, txapelketako seigarren eta azken lasterketa korritu ostean.
Kopa altxatu berritan, urtea hasi zenetik egin duen bideari "gustura" begiratzen dio Zelaiak. "Nire buruari jartzen dizkiot helburu hauek, ez dut entrenatzailerik, nire kasa ibiltzen naiz. Lehenengo, Euskal Herriko txapelketa nuen Txindokin, kopako txapelketako lehena, eta hor lehenengo egiteak geroko bidea erraztu zidan. Espainiako Txapelketa pixka bat zailagoa izan zen, baina hor ere lehenengoa izan nintzen", ospatu du.
Aipatu duen moduan, maiatzean hasi zen Euskal Herriko Igoera Bertikaleko Kopako lehenengo lasterketa, Txindokin. Euskal Herriko Kilometro Bertikalaren Txapelketa ere jokoan zegoen proba berdinean, eta Zelaia izan zen helmugaratzen lehena. Txindokikoaz gain, kopako beste hiru txapelketa irabazi ditu azpeitiarrak: Aratzekoa, Beriaingoa eta atzo, igandez, Galdamesen (Bizkaia) korritu zuena. Aldiz, Anbotoko igoeran bigarren egin zuen, astea gaixo pasatu ostean. Eta Isaban (Nafarroa) egin zuten lasterketan ez zuen parte hartu, Espainiako Txapelketako probari lehentasuna eman nahi izan ziolako.
Txapelketa sei lasterketek osatzen badute ere, kirolari bakoitzaren lau lasterketa onenak hartzen dituzte kontuan sailkapen orokorrerako. Horrez gain, gainontzeko probek baino %20 gehiago puntuatzen zuen Aratzekoak, eta lasterketa hori irabazita, txapelketa "bideratuta" zuela ikusi zuen Zelaiak. Ez zitzaion arrazoirik falta: Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa eskuratu du.

Bost edo sei entrenamendu astean
Horrelako emaitzak ez dira lanik gabe lortzen, eta mendirik zapaldu gabeko egunak arraroak dira Jexux Zelaiarentzat. Astean bost edo sei entrenamendu egiten dituela ziurtatu du; gehienetan Xoxote aldera igotzen da. "Denboraldi hasieran entrenamendu lasaiagoak egiten ditut, eta gero aldapak lantzen hasten naiz, serieak egiten. Eta, normalean, astean entrenamendu bat asfaltoan egiten dut", esplikatu du.
Igoera bertikalak atsegin ditu, "gogorrak" diren arren, ez dutelako eskatzen lasterketa luzeek adinako entrenamendu luzeak. Gainera, Zelaiak 60 urte ditu, eta adinaren ajeak nabari dituela dio. "Horregatik, ni naiz nire buruari erronkak jartzen dizkiona, eta ditudan urteekin, indarrak neurtzen ari naiz. Urtero-urtero, gutxi gorabehera, minutu erdi bat edo gehiago galtzen dut bertikaletan, antzeko gauzak eginda eta inon minik izan gabe", adierazi du. Sinisten du, ordea, lana eginez gero posible dela errendimendua luzaro mantentzea, eta hain zuzen, mendian jarraitzeko asmoa du Zelaiak: "Gorputzak hau eskatzen dit".
Orain, kopako txapelketa amaituta, atseden hartuko du Azpeitiko korrikalariak. Atseden erlatiboa, edonola ere: "Ez naiz geratuko, e! Inongo minik ez badut, asfaltoan ariko naiz gehiago, astean lau bider-edo. Mendia pixka bat aparte utziko dut urte bukaerara arte... ez dakit aguantatuko dudan".