Azax: "Iruditzen zaigu proiektu jostaria dela egin duguna, dantzarako gogoa pizten duena"

Maialen Etxaniz 2025ko urr. 30a, 15:30

Azax musika taldea sortu dute Martin Altuna eta Unai Olaizola azpeitiarrek. Musika elektronikoa eta trikiti doinuak uztartu dituzte proiektu jostari batean. Azken abestiak eta zuzeneko emanaldiak prestatzen ari dira. 

Zubizarreko entsegu lokalen azken solairuan, ia inork erabiltzen ez duen gelan, sortzen du musika Azax taldeak. Ordenagailua, pedalak, teklatuak, trikitia, mikrofonoak eta beste hainbat tramankulu erabiltzen dituzte Martin Altunak (Azpeitia, 1995) eta Unai Olaizola Maxipi-k (Azpeitia, 1995), Azaxeko bi musikariek, beren doinuak sortzeko. Ordu mordoxka eman dituzte entsegu lokalean sartuta, aurkeztear diren abestiak osatzeko. "Ikusten ez den lan asko dago proiektu honen atzean", diote. Joan zen uztailean Azpeitiko hainbat musikarik aurkeztutako Zubizar Hits diskoan plazaratu zuten beren aurreneko abestia: Eskau ta eskau. Hain zuzen, Zubizarreko musika taldeen diskoko azken kantua da Azaxena, gainerako hamabi abestiekin alderatuta bereziena. Izan ere, hori da Azax, gauza berriak sortzera, probatzera eta elkarbanatzera datorren musika taldea. "Bi lagun, jolasean". Zallek musika taldeko kide izandakoak dira Altuna eta Olaizola, eta proiektu hura bukatzear zegoela piztu zen talde berriaren lehen txinparta.

"Zallek taldearekin azkenetan ginela, musika elektronikoa egiteko erabiltzen diren gailu sorta txiki bat erosi nuen, horiekin gauza berriak probatzeko asmoz. Jolasean hasi ginen, eta azkenerako gustatu egin zitzaigun", azaldu du Olaizolak.

Trikitiaren eta musika elektronikoaren uztarketa da bi azpeitiarrek egiten dutena. Haiek adierazi dutenez, "nahikoa natural" hasi ziren sortzen. "Noiz edo noiz DJ festen zuzeneko emanaldietan bururatu izan zitzaidan ondo uztartuko litzatekeela musika elektronikoa trikiti doinuekin, eta zenbait melodia irudikatzen hasten nintzen nahi gabe", azaldu du Altunak. Hura da trikitia jotzeaz arduratzen dena. Gainera, Azaxekoek kontatu dute proiektuaren hastapenetan rap doinuekin probatzen ere hasi zirela. Olaizola: "Josu Iraolarekin hasi ginen abestiak egiten. Hark rapa egiten du, eta orduko doinuak zertxobait motelagoak ziren oraingoekin alderatuta. Itxura ona ateratzen zuen nahasketak, baina bere horretan gelditu zen". Sortzen duten musika estiloa definitzea "zaila" egiten zaie, ez dutelako antzerako erreferentzia musikalik inguruotan. "Gure artean hitz egin izan dugunean, ondorioztatu dugu triki-tronik izan daitekeela egiten duguna ondoen definitzen duen terminoa", dio Altunak.

Azax taldearekin hasi zirenean, Olaizolak eta Altunak ezer gutxi zekiten musika elektronikoaren munduaz. Beraz, laguntza eskatu zioten Miguel Gutierrez Maitx zumaiarrari. Hura izan dute bidelagun.

Euskal kultur zantzuak

Bi azpeitiarrek egiten duten musika berezia dela ezin uka daiteke, baina haiei taldearen bereizgarriez galdetuta, honela adierazi dute: "Euskal musikan edo euskal kulturan ezagunak diren zenbait melodia eta erreferentzia hartuta, tekno iluna egiten saiatu gara. Trikitiaren protagonismoa pedaletan dago. Hau da, gitarrei jartzen zaizkien pedalak trikitiari jarri dizkiogu guk, eta hortik ateratzen dena da, besteak beste, gure musikaren bereizgarri nagusia". Euskal musikari lotutako melodiez eta erreferentziez ari direnean, zenbait esaera zaharri, abestiri edo trikiti munduko doinu herrikoiri buruz ari dira, hala nola fandangoa eta arin-arina. "Ez dugu abesti bat bere horretan bertsionatu, baina bai hartu ditugu zenbait abestiren zatiak, eta bertso doinuen zantzuak ere topa daitezke abestietan", argitu dute Altunak eta Olaizolak.

Kutsu elektronikodun musika egiten duten arren, haien abestiek badituzte hitzak, eta mezu zehatzak emateko probestu dituzte piezak. Hainbat gai jorratu dituzte hitzetan: "Besteak beste, maitasun harremanez, genozidioaz eta gerraz, parrandaz eta drogez nahiz egunerokoan harrapatuta bizitzeaz eta gelditzeko beharraz hitz egiten dugu abestietan". Euskaraz egiten dute, eta gaiek kutsu sakona izan dezaketen arren, egiten duten musika dantzagarria da, freskoa eta festarako modukoa.

Proiektu "jostaria"

Aurreneko abestiak labetik ateratzear dituzte, datozen egunetan igoko dituzte plataforma digital guztietara, baina horietako batzuen lehen doinuak entzungai jarri dituzten sare sozialetan. Horrela gizarteratu dute proiektua eta taldea, iruditeria koloretsuarekin. Orain, estudioko lanak amaituta, zuzenekoetan pentsatzen ari dira, horiek izango baitira taldearen indarguneetako bat. "Proiektu berritzailea eta jostaria da gurea, baita egiten dugun musika ere; jolaserako gogoa eragiten du eta dantzarako grina piztu. Pentsatzen dugu baduela potentziala horretarako. Beraz, zuzenekoak ere norabide horretan prestatzen ari gara", kontatu du Altunak. Izaera jostari hori erakusteko eta taldea herriratzeko hainbat bideo kaleratu dituzte Instagramen, datorrenaren aurrerapen gisa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide