Palestinako bandera batzokitik kendu izana salatzeko mozioa aurkeztuko du EAJk biharko udalbatzarrean

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 3a

Azpeitiko udaletxea. (Maialen Etxaniz)

Azaroko ohiko udalbatzarra egingo dute hautetsiek bihar, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Taxiek datorren urtean izango dituzten herri barruko tarifak landuko dituzte, eta horrez gain, Palestinako bandera batzokitik kendu izana salatzeko mozioa aurkeztuko du EAJk.

Udal ordezkariek azaroko udalbatzarra egingo dute bihar, asteartearekin, udaletxeko areto nagusian. Lan zerrendako puntuen artean, taxiek datorren urtean izango dituzten herri barruko tarifak landuko dituzte.

Halaber, Palestinako bandera batzokitik kendu izana salatzeko mozio bat eramango du EAJk udalbatzarrera. Gaztetxeko kideek bandera batzokitik ebatsi eta plazako kioskoan jarri zuten urriaren 7ko gauean, salatuz bandera hori "interes partidistetarako eta aurpegi zuriketarako" jarri zutela jeltzaleek.

Horrez gain, azaroaren 25eko indarkeria matxista desagerrarazteko nazioarteko eguneko adierazpena landuko dute hautetsiek.

Honako hau da udalbatzarreko gai zerrenda:

1. Udalbatzak 2025eko urriaren 7an eta 2025eko urriaren 27an egindako aktak onartzea.

2.Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Alde Zaharra 1 Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 9. artikulua aldatzea (2025PLAN0027)

3. Agitax Taxien Gipuzkoako Elkarteak 2026. ekitaldirako egin duen hiri barruko tarifen aldaketarako proposamena onartzea.

4.Emakumeen aurkako indarkeria matxista desagerrarazteko nazioarteko eguneko adierazpena.

5. EAJ taldeak aurkeztutako mozioa: Azpeitiko batzokian Palestinako bandera kendu izana salatzeko.

6. Alkatetzak 2025eko irailean emandako ebazpenen berri ematea.

7. Galdera eta erreguak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide