Herritarren harrera ezin hobearekin hasi dituzte Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak

Ihintza Elustondo 2025ko aza. 2a, 09:00

Udazkenarekin bat, Euskal Antzerki Topaketen 43. aldian murgildu da Azpeitia. Ostiralean egin zuten egitarauaren barruko aurreneko saioa, ikastetxeei zuzenduta, eta atzo izan zen herritar guztiei zabaldutako lehen saioa; bi kasuetan, Nor naizen baneki antzezlana taularatu zuten. Gaur, Renata ikusi ahal izango da.

Azaroa iristearekin bat, 43. Euskal Antzerki Topaketetan murgildu da Azpeitia. Hain zuzen ere, ostiralean egin zuten egitarauaren barruko aurreneko saioa, ikastetxeei zuzenduta; Axut! eta Artedrama kolektiboetakoek Nor naizen baneki antzezlana taularatu zuten, eta ondoren, solasean aritu ziren ikasleak antzezleekin. Atzo, larunbatez, obra berbera ikusi ahal izan zen herritar guztiei zuzendutako lehen saioan, eta Soreasu antzokia ia leporaino bete zen. Harrera ezin hobea egin zion, beraz, herriak topaketetako lehen sorkuntzari. Hemen irakur daiteke antzezlan horren inguruan hedabide honek Ximun Fuchsi egindako elkarrizketa. 

Gaur, ernatuko da topaketetako bigarren antzezlana, Soreasun bertan. Etxeko antzezleak ariko dira gaurko saioan; izan ere, Renata obra eskainiko du Kamikaz kolektiboak.

Sarrerak salgai

43. Euskal Antzerki Topaketetako emanaldi guztietarako sarrerak salgai daude antzerkitopaketak.eus webgunean, eta sarrera fisikoak ere eskuragarri jarriko dituzte Sanagustin kulturgunean.

Soreasuko emanaldietarako sarrerak 10 eta 5 eurotan jarri dituzte salgai; eta 8 eurotan, Dinamokoak eta Sanagustinekoak. Kultur Bonuarekin, sarrerak doan izango dira.

Egitaraua

Hona hemen, 43. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua:

Gaur, igandea

  • 19:00. Renata (Kamikaz kolektiboa). Soreasu antzokian.

Azaroak 6, osteguna

  • 19:00. Igogailu batean amaitu zen mundua (Amahiru konpainia). Dinamoa sormen gunean.

Azaroak 7, ostirala

  • 21:30. Ai, gure juaneteak (Tartean Teatroa). Sanagustin kulturgunean.

Azaroak 8, larunbata

  • 18:30. Eraitsi S.L. kale antzerkia (Goitibera). Plazan.

Azaroak 9, igandea

  • 19:00. Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? (Tanttaka Teatroa). Soreasu antzokian.

Azaroak 10-14

  • 11:00. Eskola antzerkia, egunero, Soreasu antzokian.

Azaroak 13, osteguna

  • 19:00. Gizon gosetuak (Sustrai Teatroa). Dinamoa sormen gunean.

Azaroak 14, ostirala

  • 17:30. Itzal titere laborategi-tailerra, familientzat, Zurrunka Teatroaren eskutik. Dinamoa sormen gunean.
  • 19:00. Rikardo III eta ni (Dxusturi Teatroa + Horman Poster). Soreasu antzokian.

Azaroak 15, larunbata

  • 17:00. Gure kanoa (Zurrunka Teatroa). Soreasu antzokian.

Azaroak 16, igandea

  • 19:00. Itzulera (Dejabu konpainia). Soreasu antzokian.

Azaroak 20, osteguna

  • 19:00. Adarbakarra (Infinitu Drama). Dinamoa sormen gunean.
  • Egun berean, Kaka antzezlanaren gainean solasean ariko dira Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala Udal Euskaltegian, hango ikasleekin.

Azaroak 21, ostirala

  • 19:00. Burugabeak (Eromen elkartea). Soreasu antzokian.

Azaroak 23, igandea

  • 19:00. Sari banaketa, Soreasu antzokian.
  • Ondoren, leku berean, Kaka (Erika eta Xanti).

*Azaroaren 3tik 6ra, itzal titereen tailerrak eskainiko ditu Zurrunka Teatroak eskolaumeentzat, Betharrameko aretoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide