Etxean berreskuratu ditu indarrak Lagun Onakek

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 3a

Lagun Onakekoak Pasaiaren kontrako goletako bat ospatzen. (Lagun Onak)

Aurreko astean Zarautz garaitu ondoren, azken asteburuan Pasaiari irabazi dio Riberaren taldeak (2-0), Yudegoren bi goli esker, eta sailkapenaren bosgarren tokira igo da.

Etxean bi partida jarraian jokatu ditu Lagun Onaken gizonen talde nagusiak azken bi asteburuetan, eta ezin hobeto baliatu du Garmendipeko abaroa. Joan den astean, Zarautzi pasara emanda eten zuen hiru porroteko bolada txarra; eta herenegun, Azpeitira sailkapeneko hirugarren tokia defendatzera etorritako Pasaia ere mendean hartu zuen Jose Luis Riberaren taldeak (2-0).

Makaletik ekin zion, hala ere, Lagun Onakek zapatuko neurketari. Etxetik kanpo jokatutako partida denak irabazita zetorren Pasaiak hartu zuen jokoaren ekimena baina, etxekoen zorionerako, baloiaren jabetzari ez zion etekinik ateratzen jakin. Lehen zatiak aurrera egin ahala, Azpeitikoak esnatzen joan ziren, eta bisitariak indarra galtzen. 25. minututik aurrera, Lagun Onak izan zen nagusi; Jon Sorazuk gol aukera garbi bat ere izan zuen lehen zatiko bigarren zati horretan, baina markagailua mugitu gabe iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.

Lehen zatia bukatu bezala itzuli zen aldageletatik zelaira Lagun Onak, aurkaria baino indartsuago eta golaren bila, eta ez zuen asko itxaron beharrik izan saria eskuratzeko. 50. minutuan, atzetik sartuta eta Leundak aurrez buruz ukitutako baloia berriro buruarekin bultzatuz, egin zuen Markel Yudegok arratsaldeko lehen gola. Lanik zailena eginda, Pasaiakoak berdinketaren bila egiterakoan atzean utzitako zuloak probestea izan zen amaierara bitartean ertxekoen eginkizun nagusia. Jaun eta jabe izan ziren Riberarenak bigarren zatian, baina kostatu zitzaien lasaitasunaren gola egitea. Erdoziak eta Aranbarrik abagune argi bana izan eta ez zuten asmatu, eta 83. minutuan iritsi zen neurketa behin betiko erabaki zuen gola: berriro Yudegok eta berriro buruz egin zuen 2-0koa, kornerretik ateratako baloia dotore sareratuz. Bi partidatan hiru gol egin ditu Elgoibarkoak.

Bederatzi jardunalditan bost partida irabazi eta lau galduta, Espainiako Hirugarren Mailako bere multzoko bosgarren posturaino igo da Lagun Onak. Talde asko daude oso tarte txikian. Horrela, bost postu beherago baina hiru puntura besterik ez duen Reala C-ren zelaian jokatuko du datorren igandean Azpeitiko taldeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide