Kafe tertulia bat eta bi aurkezpen saio, "zaintzen gaineko lanketan jarraitzeko"

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 7a

Zaintzaren gaineko diagnostikoaren emaitzen aurkezpena, irailaren 30ean, Azoka Plazako aretoan. (Aitziber Arzallus)

Azarorako hiru hitzordu antolatu ditu udalak, herriko Zaintza Mahaiarekin, Zainduz kooperatibarekin eta Matia fundazioarekin batera. Doako saioak izango dira denak, baina parte hartu nahi dutenak aurrez izena ematera gonbidatu dituzte. 

"Zaintzen gaineko lanketan jarraitzeko", datozen hiru astearteetarako saio bana antolatu du Azpeitiko Udalak, herriko Zaintza Mahaiarekin, Zainduz kooperatibarekin eta Matia fundazioarekin batera.

Azken hilabeteetan egindako lanari jarraipena emango diote azarorako programatu dituzten hiru saioek. Joan den apirilean eratu eta aurkeztu zuten Zaintza Mahaia, "herriko zaintza sarea artikulatzeko". Zaintza Mahaia aurkezterakoan aurreratu zuten bezala, zaintzaren arloan herriko egoera zein zen diagnostikatzeko pausoak eman zituzten segidan, eta irail bukaeran herriratu zuten diagnostikoa.

Orain, herritarrek kafe tertulia batean eta zaintzarekin lotutako bi aurkezpen saiotan parte hartzeko aukera izango dute. Hona hemen, datozen hiru astearteerako prestatu dituzten saioen egutegia eta edukia:

Azaroak 11, asteartea. Heriotzari buruzko kafe tertulia (San Martin egoitzan)

Lori Anne Thompsonek gidatuko du saioa. Psikologian eta zaintza aringarrien psikologia klinikoan doktorea da Thompson. "San Martin egoitzako aretoan, kafe baten bueltan, heriotzari buruz hitz egiteko aukera izango da, bizitzaren azken etapa normalizatzeko komunitatean", diote antolatzaileek datorren astearteko saioaz.

Azaroak 18, asteartea. Azpeitian zaintzarekin lotuta eskaintzen diren baliabideak (Azoka Plazako aretoan)

"Zaintza duinak eskaintzea eta jasotzea helburu duten hainbat baliabide ditu dagoeneko Azpeitiak, baina posible da herritar batzuek ez izatea horien guztien berri. Horregatik, Azpeitian dauden baliabideak ezagutaraztea izango da saioaren helburua", azaldu du udalak.

Udalak berak aintzen arlo zabalaren barruan eskaintzen dituen baliabide guztien berri ez ezik, herrian zerbitzua eskaintzen duten beste eragileen lanaren berri ere emango dute bigarren saio horretan: Enkarguk, farmaziek dituzten programak, anbulatorioaren eta Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazioa, Adinkide, Baigera...

Azaroak 25, asteartea. "Zaintza esperientzia inspiragarriak" (Azoka Plazako aretoan)

Zaintzekiko ardura orokorraren barruan, toki askotan ari dira garatzen arlo horretako beharrei erantzun asmo dieten proiektuak. Hain zuzen ere, "Azpeitirako inspiragarriak izan daitezkeen kanpoko esperientzia batzuk ezagutzeko aukera" eskainiko azaroaren 25eko saioan: Usurbilgo eta Hernaniko udal ordezkariek, eta Pactos de Iruñea eta Banku Partekatua egitasmoen sustatzaileek aurkeztuko dituzte beren egitasmoak Azoka Plazan.

Hiru saioak 17:00etan hasiko dira.

Izen ematea eta itzultzaile zerbitzua

Udalak Zaintza Mahaiarekin, Zainduz kooperatibarekin eta Matia fundazioarekin antolatutako hiru saioak doakoak dira eta nahi duten herritar guztiek dute horietara joateko aukera. Hala ere, eta "ezinbestekoa ez" den arren, Azoka Plazako saioetarako aurrez izena ematea "komeni" dela dio udalak, eta bi bide jarri ditu horretarako: online galdetegi hau eta udaleko Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 telefonora deitzea.

Itzultzaile zerbitzua eskainiko dute hiru saioetan, eta zerbitzu hori baliatu nahi dutenek izena ematerakoan eskatu beharko dute.

Hurrengo erronka: zaintza plana

Udalarekin eta aipatutako beste eragileekin batera hiru saio horiek antolatzeaz gain, Zantza Mahaiak "lanean" jarraitzen duela adierazi du udalak, "aldiro-aldiro" elkartuz.

Hain zuzen ere, 2026rako erronka potoloa izango dute esku artean mahaian elkartzen diren eragileek eta norbanakoek: datozen urteetan "jarraitu beharreko bide orria" izango den zaintza plana adostea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide