Astelehenean hasiko dituzte Etxe Alairen berrurbanizazioaren bigarren faseko lanak

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 7a

Astelehenetik aurrera berrurbanizatuko duten Etxe Alai auzoko kalea. (Azpeitiko Udala)

Etxe Alai auzoaren 4 eta 9 zenbakien arteko aurrealdeko lanak hasiko ditu astelehenean Azpeitiko Udalak. Auzoaren berrurbanizazioaren bigarren faseari dagozkie lan horiek, eta erakundeak aurreikusten du datorren urtean gauzatuko dituela hirugarren eta azken faseko obrak.

Astelehenean hasiko dituzte Etxe Alai auzoaren berrurbanizazioaren bigarren faseko lanak, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez. Otsailean amaitu zituzten auzoaren 4 eta 9 zenbakien arteko atzealdeko obrak, haurren parketik karakol gainera arteko guneari zegozkionak, eta orain aurreko partea berritzeari ekingo diote. Aurreikuspenen arabera, bi hilabete eta erdi beharko dituzte lanak amaitzeko.

Hortaz, kale bat goragoko azpiegiturak berrituko ditu udalak astelehenetik aurrera; besteak beste, espaloiak, eskailerak eta saneamendua berrituko ditu. Horretarako, erakundeak 314.700 euroko inbertsioa egingo du, eta Art Eraikuntzak enpresari esleitu zaio obra.

Gaur egun, Iraurgi ikastetxea irekita egoten da gauetan aparkatzeko, Santutxotik sartuta, baina Etxe Alai auzoaren berrurbanizazioaren bigarren faseko lanek iraun bitartean, goiko partean ere gauez aparkatzeko aukera egongo dela jakinarazi du udalak.

Udalaren arabera, auzoa berrurbanizatzeko hirugarren eta azken fasea epe laburrean aterako da lizitaziora eta, beraz, datorren urtean lan horiek hasteko moduan egongo da erakundea.

Zenbait lan, amaituta

Bestalde, Arana kaleko 9 eta 17 zenbakien arteko espaloia berritzeko lanak gaur, ostirala, amaituko dituztela esan du Azpeitiko Udalak. Halaber, Euskal Herria auzoko bidegorria Azpeititik Azkoitira doan bidegorriarekin lotzeko obrak ere bukatu dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide