Oier Etxeberria izan da Gukak antolatutako Irudhitzen lehiaketaren bederatzigarren edizioaren irabazlea. 2026. urteko egutegia osatzeko bidean, Gukak argazkien atala jarri zuen abian, eta Iñigo Olarteren irudia izan zen irabazlea.
Ondoren, argazki horiei hitzak jartzeko lehiaketa egin zuen Gukak, eta Oier Etxeberria, Miren Puertas, Ane Goenaga, Joanes Karrera, Haizea Salegi, Iñigo Olarte, Mailo Oiarzabal, Yolanda Rodriguez eta June Aizpurua herritarren lanak aukeratu ditu egutegian argitaratzeko. Argitaratutako hamabi lanetatik Oier Etxeberriaren testua izan da irabazlea, Ihintza Elustondok, Anartz Izagirrek eta Irati Zubiak osatutako epaimahaiak hala erabakita.
Etxeberriak argazki irabazleari jarri zion testua, eta honako hau da idatzitako testua:
Arratsaldez ilargia
non egoten da gordean?
Hondoratu al daiteke
itsasontzia marean?
Ta eguzkiak beldurrik
sentitzen al du gauean?
Minik ematen al dizu
esku laztuak aldean?
Txapela al zeneraman
nik daukadan edadean?
Jolas egin al dezaket
kolunpioen parean?
Noiz joango naiz bakarrik
ikastolara bidean?
Zein usain dute loreek
paretaren bestaldean?

Egutegia, sari banaketa eta erakusketa
Aurtengo lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratutako hamabi irudiekin eta testuekin osatutako 2026ko egutegi hori abenduko aldizkariarekin batera jasoko dute Azpeitia Gukaren bazkideek.
Erakusketa, berriz, abenduaren 11ko 18:00etan zabalduko du Gukak, eta bertan egingo du sari banaketa. Sanagustin kulturgunean egongo dira ikusgai aurtengo lehiaketara aurkeztutako irudiak eta testuak, abenduaren 19ra arte.