Herriko zaintza baliabideen aurkezpena egingo dute asteartean

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 15a

Adineko batzuen eskuak.

Azoka Plazako lehen solairuko aretoan izango da saioa, 17:00etan hasita. Ez dago aurrez izena eman beharrik, baina komenigarria dela azaldu du udalak. Zaintza Denontzat prozesuaren barruan egingo dute aurkezpena.

Gaur egun Azpeitian eskuragarri dauden zaintza arloko baliabideak zer-nolakoak diren azaltzeko aurkezpen saioa izango da datorren asteartean. Izan ere, Azpeitiko Udalak beharrezkotzat jo du herritarrei horiek ezagutaraztea.

Saioaren lehen zatian Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek egiten duten lanaz azalpenak emango dituzte, eta anbulatorioaren eta Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazioaz ere emango dituzte argibideak. Saioaren bigarren zatian, berriz, eremu pribatuan edo komunitarioan eskaintzen dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte herriko farmazietako, Enkargun zerbitzuko, Adinkideko nahiz Baigerako ordezkariek.

Azoka Plazako lehen solairuko aretoan izango da saioa, 17:00etan hasita, eta hara joateko aurrez izena ematea ezinbestekoa ez baldin bada ere, komenigarria dela azaldu du udalak. Horregatik, interesatuek honako formulario hau bete edo Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 telefono zenbakira deitu dezakete. Saioan itzulpen zerbitzua eskainiko dute, eta horretaz baliatu nahi duenak izena ematean egin beharko du eskaera.

Zaintza eredua eraldatzeko

Azpeitiko Udalak urtearen hasieran hasi zuen Zaintza Denontzat prozesua, zaintzaren gaia erdigunean jartzeko eta zaintza eredua eraldatzeko. Udalak azaldu duenez, mugarri nagusienetakoa da Zaintza Mahaia eratu izana. Mahai hori herritarrek eta hainbat eremutako profesionalek osatzen dute, eta aldiro biltzen dira. Besteak beste, datozen urteetarako zaintza plana diseinatzea da mahai horren zereginetako bat.

Prozesua hasi zenetik, Matia institutuaren eta Zabalduz kooperatibaren laguntzarekin, zaintzaren herriko egoerari buruzko diagnostiko kualitatiboa egin dute. Diagnostiko hori herriratzeko topaketa egin zuten irailaren amaieran, eta aste honetan heriotzari buruzko kafe tertulia ere egin dute San Martin egoitzan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide