Joan den asteartean San Martin eguna ospatu ondoren, atzo berrekin zioten aurten festen egitarauari Lasaon.
Iluntzean, txupinazoa botata hasi zuten atzoko festa. Auzo lokalean, pintxoekin lagunduta, auzoko sagardo onenak dastatzeko aukera izan zuten lasaotarrek, eta gainera, sagardo onenaren saria banatu zuten: Elarritza baserriko Jon Azkuerentzat izan zen hori. Bingoan ere aritu ziren, eta hor ere banatu zuten saria: Santos Zubimendik jaso zuen. Sanmartinen asteburuko lehen gaua trikiti doinuekin girotuta ospatu zuten.
Gaur, berriz, festetako egun beteena eta azkena izango dute. Umeak izango dira nagusi eguerditik iluntzeraino; eta gauean, bertso afariarekin agurtuko dituzte jaiak: Hau da gaurkorako Lasaon prestatu duten egitaraua:
- 13:00. Haurrentzako txupinazoa, buruhandiak eta erraldoiak.
- 14:00. Auzoko gaztetxoentzat bazkaria, elkartean.
- 16:00. Puzgarriak, frontoian.
- 20:30. Bertso afaria eta trikitilariak, elkartean. Bertsolariak: Amets Arzallus eta Andoni Egaña. Trikitilariak: Itzeder eta Txibilter.
(Argazkiak: Lasaoko festa batzordea)