Herriko zaintza baliabideak aurkezteko saio irekia egin du udalak

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 19a

Herriko zaintza baliabideak aurkezteko saioan parte hartu zuten hizlarietako batzuk. (Azpeitiko Udala)

Zaintza Denontzat prozesuaren baitan, Azpeitiko zaintza baliabideak herritarrei aurkezteko saioa egin zuten atzo arratsaldean Azoka Plazan. 

Hainbat herritar agertu zen atzo arratsaldean Azoka Plazara, gaur egun herrian eskuragarri dauden zaintza arloko baliabideak zer-nolakoak diren ezagutzeko udalak antolatu zuen aurkezpen saiora.

Saioaren lehen zatian Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek egiten duten lanaz azalpenak eman zituzten, eta anbulatorioaren eta Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazioaz ere eman zituzten argibideak. Bigarren zatian, berriz, eremu pribatuan edo komunitarioan eskaintzen dituzten proiektuak aurkeztu zituzten herriko farmazietako, Enkargun zerbitzuko, Adinkideko nahiz Baigerako ordezkariek.

Zaintza eredua eraldatzeko

Azpeitiko Udalak urtearen hasieran hasi zuen Zaintza Denontzat prozesua, zaintzaren gaia erdigunean jartzeko eta zaintza eredua eraldatzeko. Prozesu horren mugarri nagusienetakoa da Zaintza Mahaia eratu izana. Mahai hori herritarrek eta hainbat eremutako profesionalek osatzen dute, eta aldiro biltzen dira. Besteak beste, datozen urteetarako zaintza plana diseinatzea da elkargune horren zereginetako bat.

Prozesua hasi zenetik, Matia institutuaren eta Zabalduz kooperatibaren laguntzarekin, zaintzaren herriko egoerari buruzko diagnostiko kualitatiboa egin dute. Diagnostiko hori herriratzeko topaketa egin zuten irailaren amaieran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide