Urrestillan jasotako komunitate senak zerikusia izango du Mari Jose Arangurenen (Urrestilla, 1969) ibilbide profesional arrakastatsuarekin. Edo hori uste du berak, bederen. Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campusean duen bulegotik ekarri ditu akordura haurtzaroko kontuak. Urrestillan sortu zen, "herri txiki horretan", dio; zehazki, hiru belaunaldiri aterpe ematen zien baserri batean. Familiak "komunitate" baten modura funtzionatzen zuela esan du. Alaba zaharrena da Aranguren, eta aitona eta amona, osaba-izebak eta gurasoak zituen bizikide haurra zela.
Sortu berria zen Urrestillako ikastolan ikasi zuen 3 urte zituenetik. Karmen irakaslea du gogoan, eta Santa Agedako ospakizunak, eta eguerdietako kantaldi kolektiboak. Familian ez ezik, komunitate izaera bizirik sentitzen zuen Urrestillan ere. "Oso oroitzapen onak ditut", esan du. Eguraldi ona egiten zuenean, kalera ateratzen ziren ikasleak, "hostoez-eta ikastera". Horretarako aukera ematen zuen horrelako herri txiki batean bizitzeak. "Auzoa izango da berez –zuzendu du Arangurenek–, baina herri identitatea izan dugu beti".
6 urterekin egin zuen Azpeitira, eta "egun osoa" pasatzen zuen han. Autobusean joaten zen goizero Loiolako basilikaren aldamenean zegoen Karmelo Etxegarai ikastolara; han klaseak hartzen zituen, "mojetan" bazkaltzen zuen, eta iluntzean, buelta Urrestillara.
Haurtzaro "alaia" bizi izan zuela ziurtatu du. Normaltzat zuen etxean lagundu beharra, baserriko lanetan eta, eta txikitatik ardurak hartzera ohitu zen. "Etxean asko zegoen egiteko. Baserriko lanak egin behar ziren; aitonak iktus bat izan zuen nik 6 urte nituela, eta ohean zegoen, beraz, zaintza behar zuen. Baratzea ere hor zegoen... Beti egoten zen zerbait egiteko, eta txikitatik laguntzen genuen etxean. Egia da orduan ez genuela eskolaz kanpoko ekintzarik; katekesira joaten ginen, baina bestela, eskolatik etxera, laguntzera. Giroa lasaia zen, pozik eta alai bizi ginen, kezkarik gabe, baina arduratsuak izatea tokatu zitzaigun", oroitu du.
Neurri batean, Urrestillak zaildu zuen gaur egungo Mari Jose Aranguren, haurtzaro komunitario eta arduratsu hark. "Esango nuke sen komunitario horrek eragina izan duela nire ibilbidean. Zaila da jakitea zenbaiteraino, baina askotan jarri izan naiz pentsatzen, eta nire lidergo estiloa bada taldea sendotzekoa, lankidetza bultzatzekoa, elkarren zaintza kontuan hartzen duena... Uste dut ikasi ditugun estereotipo edo rol horiek, gerora, gure bizitzetako esparru desberdinetara eramaten ditugula, eta pentsatu izan dut etxean eta herrian genituen zaintzako printzipioak, asko barneratu genituenak, edo denok ondo egoteko zer egin genezakeen pentsatze horrek, nigan eragina izan dutela, edo lagundu nautela. Akordatzen naiz ikastolan gure adineko neska bat zegoela, ezgaitasun batzuk zituena, eta paseatzera ateratzen ginenean denon artean laguntzen geniola. Elkar zaintza, komunitate sen hori, beste esparru batzuetara eraman izan dut gerora. Egia da urteak pasatu ahala norbera aldatu egiten dela, eta beste etapa edo esparru batzuetan ikasitakoak ere hor daude; beraz, dena nahastu egiten dela esango nuke. Baina irakaskuntzan eta ikerkuntzan ibili naizen arren, zerbaitegatik, toki desberdinetan kudeaketa arloan bukatu dut. Agian badago zerbait ukiezina dena, ez nuke jakingo zer izen jarri, baina eragin bat izan duena", hausnartu du.
"Bekaduna izan naiz Deustun"
Arangurenek Deustuko Unibertsitateko errektoreorde kargua hartu zuen uztailean, eta Donostiako campusean duen bulegoko mahai borobilean hartu du Guka. Dozenaka liburu ditu apaletan, eta argazki batzuk ere bai. Bulego horretaz jabetu aurretik, baina, sobera ibili ditu campus horretako korridoreak, ikasgelak eta –ziur– kafetegia, berdin ikasle, irakasle, ikerlari nahiz kudeatzaile zela. Ondo ezagutzen du unibertsitatea, eta estimu berezia dio.
Ohikoa den eran, gaztetan, zer eta non ikasi zalantza izan zuen urrestildarrak. Biologia ikasteko seta zuen, baina iruditu zitzaion irtenbide profesional gutxi zuela karrera horrek. Gustuko zuenaren eta arduraren arteko deman kokatu zuen horrek, eta ikastolara azaldu ziren orientatzaileek eman zizkioten azalpenek etzan zuten balantza enpresa ikasketen aldera. "Gustatu zitzaidan pentsatzea ekonomiaren garapenak nola eragin dezakeen pertsonen ongizatean. Horrela aukeratu nuen enpresagintza ikastea", kontatu du.
Bestalde, Arangurenentzat garrantzitsua zen enpresa ikasketetan trebatuko zuen zentroa "serioa" izatea: "Momentu hartan, Euskal Herriko Unibertsitatean greba dezente egiten zituzten, gatazkak zeuden, eta nik serio lan egin nahi nuen. Apustu bat izan zen". Erabakia hartu zuen, beraz: enpresa ikasketak egingo zituen Deustuko Unibertsitatean.
Apustua izan zen, Deustun matrikula egin ahal izateko lana gogor egin behar zuela uste baitzuen. "Zerbitzari lanetan ibili nintzen. Deustun onartu egin ninduten, baina azkenean, ikasketa guztiak bekekin osatu nituen. Ikastetxe pribatuez ari garenean, askotan pentsatzen dugu ezin dugula horrelakorik ordaindu, baina saiatzen bazara eta emaitzak izaten baldin badituzu, bekak izango dituzu. Ni horietako bat izan naiz; bekaduna izan naiz Deustun", azpimarratu du.
Ekonomia, etorkizun hobe baterako
Garapen ekonomikoaren bueltako gaiak atsegin ditu Arangurenek, hots, aztertzea "lan edo jarduera desberdinak eginez zer balio zabaldu daitezkeen gizartean eta horrek nola lagunduko duen ongizatean". Horrekin batera, estrategia gustatzen zaio, "ikuspegi orokorra izatea", funtsean, galdera argigarri batek markatutako bidea ibiltzeko: "Lurralde batean eragile desberdinak baldin bagaude, bakoitzak bere lekutik zer egin dezake etorkizun hobe bat eraikitzeko?". Hain zuzen, Deustuko Unibertsitatean ikasle gisa egin zituen urteek "mundu justuago bat eraikitzeko indarra" eman ziotela nabarmendu du, eta perspektiba humanista horrek gidatu du unibertsitateko sail desberdinetan egin duen bidea.
Bide hori emankorra izan da. 1992ko krisi ekonomikoak Europa erasan zuenean amaitu zituen Arangurenek ikasketak, eta egoera latz hura erronka gisa ulertu zuen urrestildarrak. "Unibertsitatetik kanpo lanean hasiko nintzela pentsatzen nuen, baina Mikel Navarro irakasleak deitu zidan krisiari nola egin aurre aztertzeko ikerketa bat martxan zuela esanez", gogoratu du. Proposamen hark jesuiten unibertsitatearekin lotuta mantendu zuen Aranguren, eta ez du horren damurik egun. "Lan hori egiten ari ginenean ikusi nuen enplegu galera handia egon zela, baina enplegu batzuei eustea lortu zela enpresa txiki askoren ahaleginari esker. Ikusi nuen bazegoela gehiago ikertzeko aukera, eta gaiak katigatu egin ninduen; beraz, doktoretza tesia egitera animatu nintzen", adierazi du. Gutxira hasi zen irakaskuntzan, Euskal Enpresa eta Ekonomia ikasgaia ematen. Ikerketaren korridoreak ikasgelara eraman zuen, beraz.
Irakaskuntza eta ikerketa uztartu zituen, eta hainbat argitalpen sinatu nazioarteko nahiz bertako aldizkari entzutetsuetan. Baina bazuen ikerketen munduarekin lotutako kezka bat, 2006an Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutua sortu zenean uxatu ahal izan zuena: "Horrelako ikerketek eragin handiagoa izan zezaten, lurraldeko aktoreekin eta errealitateekin konektatu behar genuen; izan ere, bagenuen errealitatean eragin ahal izateko urruti samar ez ote geunden sentipena. Horregatik, Orkestran zubi lana egin nahi genuen, ikerketatik, EAEko ekonomiaren garapenean, lehiakortasunean eta ongizatean eraginez. Ikerketa eraldaketarako erabiltzen genuen, eta hori zen nik egin nahi nuena".
Baina lehenago ere esan du: "Zerbaitengatik, toki desberdinetan kudeaketa arloan bukatu dut". Eta Orkestrako zuzendari nagusi izendatu zuten 2014an. Hamarkada batez, 40 pertsona inguruko taldea gidatu zuen, eragile hainbatekin lankidetzak sustatu eta ezagutza garatzeko prozesuak bultzatu zituen, besteak beste.
Aitortza lidergo estilo bati
Gustuko lanean zebilen, eta gainera, Orkestrako zuzendari gisa egin zituen ahaleginek aitortzarik behinena jaso zuten aurtengo otsailean: Gipuzkoako emakume enpresari, profesional eta zuzendarien Aspegi elkarteak ematen duen Urteko Zuzendaria saria irabazi zuen Arangurenek. Urrestildarrari ilusio berezia egin zion aitortzak, batez ere, hark zuzentzen zuen lantaldeak proposatu zuelako bere hautagaitza, hark nabarmendu duenez.
Sari horrek, Arangurenen ustetan, sarri gutxietsia izan den lidergotza aitortu du. "Emakumeengan ohikoagoa den lidergo estilo bat saritu zuten, eta horrek asko poztu ninduen. Batzuetan, lidergo ahulagoak ematen dute, partekatuagoak direlako, ez dugulako protagonismoa bilatzen. Ikusten ez den lidergo bat da, eta aitortza horrek ikusarazi egin zuela iruditu zitzaidan. Ni baloratzeak baino gehiago, emakumeengan ohikoagoa den lidergo mota hori ikusarazteak eman zidan poza", adierazi du.
Ildo horretatik, genero arrakalen eraginak nabarmenak izan ohi dira enpresetako edo erakundeetako goi karguetan, eta hain zuzen, Aranguren da Deustuko Unibertsitateak izan duen lehenengo emakume erretoreordea. Horra iristeko bidean "baloratua eta aitortua" sentitu izan dela baieztatu du urrestildarrak, baina zenbait traba izan dituela ere aitortu du: "Momentu batzuetan, testuinguruaren arabera, tokatu izan zait sentitzea desberdin hartzen direla gizonen eta emakumeen esanak. Uste dut gizartean badugula oraindik emakumeen ibilbidea erraztu ahal izateko erronka bat".
Orain, errektoreorde gisa, "komunitatea eta talde sena indartzeko" lana dauka Arangurenek. "Hau hasiera da niretzat, horregatik, jendeari entzuten inbertitzen dut denbora asko. Unibertsitate barruko lankidetzarako sinergiak bilatzen ditut, eta kanpora begira ere lanean dihardut; eragile desberdinekin biltzen ari gara", esan du. Ez du lan makala, unibertso bat kontzentratzen baita Deustuko Unibertsitatean: 2.500 ikasle inguru ditu, eta, gainera, 34 ikerketa talde daude martxan, lau foku nagusik –ekologia; eraldaketa digitala; demokrazia pluralak eta inklusioa; eta osasuna, ongizatea eta kohesioa– zehazten duten norabidean lanean dihardutenak. Horri lotuta, adierazi du unibertsitateak lantzen dituen lau ikerketa fokuei beste bat gehituko liokeela: demografiaren erronka. "Gero eta jende gehiago da adinekoa, eta jaiotza tasa jaitsi egin da. Bizi itxaropena luzatu da, eta albiste ona bada ere, beste erronka batzuk dakarzki horrek. Etorkizunean lana egiteko adinean dauden pertsonak beharko ditugu. Garbi ikusten dugu etorkinen kopurua ehunekoetan handitu egin dela; duela urtebete Orkestran aurkeztu genuen txostenean azaltzen dugu %13 direla jadanik. Horrek esan nahi du jendearentzako lurralde erakargarria izan behar dugula, harrera ona egingo duena, eta kanpotik datozenei bizi proiektu egokiak garatzeko aukera eskaini behar diegu", azaldu du.
Kargua hartu berritan, Arangurenek adierazi du errektoreorde gisa asmatu nahiko lukeela "unibertsitatean dauden indar eta balore guztiek EAEren etorkizunean eman dezaketen onena lortzen". Urrestillatik dakarren sen komunitariotik, Deustuko Unibertsitatean indartu duen izaera humanistatik eta berezko duen lidergotza estilotik ekingo dio helburu hori segitzeari.
Motzean
Ekonomiari lotuta egongo ez banintz… pertsonen zaintzari lotuta egongo nintzateke nolabait.
Lanetik ateratzean gogoko dut…paseatzea. Zizurkilen bizi gara, eta Asteasura doan bidegorrian ibiltzen naiz lasai paseatzen.
Irakaskuntza, ikerketa ala kudeaketa? Ez da erraza aukeratzeko. Irakaskuntza beti gustatu zait, ikerketa ere bai, baina... beti kudeaketan bukatzen dut [barrez]. Hiru aldeak konbinatzeko aukera izan beharko nuke.
Mari Jose Aranguren, bere bulegoan. (Maddi Txintxurreta)
Aranguren, Aspegiren saria jasotzerakoan. (Utzitakoa)
(Argazkia: M. Txintxurreta)