Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek urriko udalbatzarrean onartu zuten Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunari lotutako adierazpena, eta erakundeak gaur kaleratu du idatzia. Udalak salatu duenez, iaz 40 indarkeria matxista kasuren berri izan zuen erakundeak, horietako gehienak genero indarkeria kasuak.
Datuok abiapuntutzat hartuta, udalak hainbat konpromiso hartu ditu; izan ere, erakundearen arabera, indarkeria matxista "lehen mailako arazoa" da gizartean. Halaber, erakundeak esan du gizarte eredua aldatu beharra dagoela "indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko nahiz ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko".
Hainbat konpromiso ere hartu ditu udalak, hala nola integrazio programak martxan jartzea, laguntza sareak osatzea, sentsibilizazio ekintzak sustatzea, martxan jarri duten Iparrizar egitasmoa indartzea nahiz tokiko emakumeen mugimenduak laguntzea.
Hona hemen Azpeitiko Udalak Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira kaleratu duen adierazpena osorik:
"2003tik aurrera, emakumeenganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 131 emakume eta hamahiru haur erailak izan dira Euskal Herrian; 2025ean, berriz, sei emakume izan dira erailak. Emakumeen aurkako indarkeria matxistak mila aurpegi ditu, eta horietako batzuk ikus ditzakegu gure udalerrian ere. 2024. urtean Azpeitiko udal zerbitzuetan 40 kasuren berri izan genuen, gehienak genero indarkeriagatik.
Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da gure gizartean. Bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar, eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora; hori sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. Analisi feministak azpimarratzen du sexu generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria; izan ere, sistema horrek gizarte bitarrari eta patriarkalari eusten dio, botere harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan. Zentzu horretan, herri gisa heldu behar diogu gai honi eta esparru ezberdinetatik aritu beharra dago, Gobernantza Feminista oinarri.
Gizarte eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuagoa, bizigarriagoa, askeagoa eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, eta horretan Mugimendu Feminista dugu eredu. Arazoa guztioi dagokigu, eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da, guztiok garelako konponbidea emateko eragile.
Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Indarkeria matxistak desagerrarazteko, ezinbestekoan dira politika eraldatzaileak eta ausardia, batez ere, gazteriari, hezkidetzari eta sare sozialen eraginari dagokionez. Garrantzitsua da marko bat ezarriko duten legeak berriztea edo sortzea, are gehiago mugimendu feministak eskatutako norabidean egiten denean, baina horiek ez dute ezertarako balio, garapenerako aurrekontuak eta baliabide teknikoak ezartzen ez baldin badira. Hori horrela, Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen arreta, esku hartzea eta erreparazioaren ibilbideak hobetzen, zerbitzuak sortzen eta udal langileak formatzen.
Deskoordinazioak eta ardura ez hartzeak babesaren kontzeptua eta emakumeengan jartzen den arduraren zama nabarmendu ditu. Indarkeria matxistaren ardura ezin zaio inoiz biktima den emakumeari jarri. Hori dela eta, sailen arteko elkarlana eta koordinazioa hobetzea helburu duen zerbitzu batean lanean dihardu Azpeitiko Udaldak, erasoa jasandako pertsonaren beharrak zentroan jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, berriz biktimizatzea saihestuz. Erantzunak integrala behar du izan. Prebentzioan eta heziketan egiten dena baino gehiago egin behar da. Eta dudarik gabe, aurrekontuetan isla zuzena izan behar du hitzez aldarrikatzen den orok.
Dena den, jakin badakigu indarkeria matxistari aurre egitea ez dela erakundeen lana bakarrik, komunitatearen parte hartzea ezinbestekoa da zeregin horretan. Horregatik, indarkeria matxistak komunitatean duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Komunitateak beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman inguruneak sortzen ere bai, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartarazi dezake indarkeria egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide laguntza eskaini ere. Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi. Udalok, berriz, komunitateak sustatzeko erantzukizun zuzena dugu: auzotarrak, taldeak eta kuadrillak indarkeria matxistaren aurrean erne egoteko eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko dituen bizitza komunitarioa bultzatzeko.
Horregatik, Azpeitiko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:
- Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera eta integrazio programak garatzeko konpromisoa hartzen dugu, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakumeengan eta neskengan arreta jarriz.
- Hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi inguruneetan laguntza sareak sustatzea, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
- Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
- Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeekin lanean aritzen den Iparrizar zerbitzua indartzea eta hobetzea, zerbitzu integralak eta multidistiplinarrak sortuz eta langileen etengabeko formakuntza sustatuz
- Udaleko Parekidetasun sailaren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak egonkortzen eta indartzen jarraitzea".