Azaroaren 25a

Indarkeria matxista bizi dutenei arreta integrala eskaintzeko Iparrizar udal zerbitzua jarri dute martxan

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 24a

Azpeitiko Udaltzaingoko, Emakumeen Txokoko, udaleko Parekidetasun eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak, gaur Basazabalen. (Nerea Uranga)

Azpeitian bizi diren indarkeria matxista jasaten edota jasan duten emakumeei nahiz LGTBIQ+ kolektiboko pertsonei zuzendutako udal zerbitzua da Iparrizar. Zerbitzuaren helburua indarkeria matxistaren aurrean erantzun integrala eta diziplinartekoa eskaintzea da, eraginkorra izanez, berbiktimizazioa saihestuz eta erreparatzailea izanik.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeak nahiz LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak artatzeko martxan jarri duten Iparrizar udal zerbitzua aurkeztu dute gaur Basazabalen, Azpeitiko Parekidetasun saileko, Gizarte Zerbitzuetako, Emakumeen Txokoko eta Udaltzaingoko arduradunek eta ordezkariek. Indarkeria matxistaren aurrean erantzun integrala eta diziplinartekoa eskaintzen duen udal zerbitzua da Iparrizar, eta urtarriletik dute martxan. Zerbitzu "berritzaile" horren bidez, erdigunean kokatu nahi dituzte indarkeria matxistari aurre egiten ari direnen beharrak eta ongizatea, berbiktimizazioa saihestuz eta arreta eraginkorra zein erreparatzailea bermatuz.

Indarkeria matxistari aurre egiteko udal apustu estrategikoaren barruan kokatu du Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak Iparrizar zerbitzua. Hala adierazi du:  "Azpeitiko Udalak indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun eraginkorra eman nahi du, horregatik, koordinazioaren konpromisotik eta borondate politikotik sortu du Iparrizar zerbitzua. Indarkeri matxistaren ikuspegi zabala barnebiltzen du, eta ez da esku hartzera mugatzen, prebentziotik hasi, esku hartzean sakondu eta erreparazioa barnebiltzen duen udal apustu estrategikoa da". 

Udal Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Emakumeen Txokoa izan dira Iparrizar zerbitzua sortu dutenak, baina beste hainbat udal sailek ere beren alea jarri dute. Hala, indarkeria matxistaren biktima batek hiru sail horietako edonora jotzen badu, udal baliabide guztiak jarriko dizkiote bere esku.

Zerbitzura jotzen duen norbanako bakoitzaren kasua aztertuko dute Iparrizarren, eta norbakoaren beharraren araberako esku hartze bateratua sortuko dute, "beti erdigunean jarriz" indarkeria matxista bizi duen pertsona. "Bereziki hartuko dira kontuan pertsona horren beharrak eta ongizatea, berbiktimazioa saihesteko eta arreta eraginkorra eta erreparatzailea bermatzeko", azaldu du Parekidetasuneko zinegotziak. Indarkeria matxista jasandako pertsonaren erabakia eta borondatea bermatuko dituztela zehaztu dute udal ordezkariek, eta erabakiak harekin adostuta eta haren beharren arabera hartuko dituztela.

Indarkeria matxista "ertz ugariko arazoa" da, eta prozesu luzeak izaten direla azaldu du Arrietak. Gainera, bide horretan indarkeria jasan duenaren beharrak aldatzen joaten dira. Horregatik, udal sailak batera lana egitea "oso garrantzitsua" da Iparrizar zerbitzuaren sustatzaileen ustez. "Zerbitzuaren helburu estrategikoa udalerri osoa indarkeria matxista desagerrarazteko inplikazioan murgiltzea baita", nabarmendu du Parekidetasun zinegotziak.

Eraginkorra eta erreparatzailea

Iparrizar zerbitzurako lantalde multidiziplinarra eratu dutela azaldu du Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak. "Hainbat udal langilek hartzen dute parte talde horretan, eta profesional bakoitza bere jakintza eta esku hartze eremutik dator, batez ere, Gizarte Zerbitzuak, Emakumeen Txokotik eta Udaltzaingtik. Era horretan lan eginda aukera dago bakoitzak bere ekarpena egiteko bere ibilbidetik eta esperientziatik, baita emakumeen ahalduntzea eta ikuspegi feminista zuzenean txertatzeko ere".

Zerbitzuaren helburu nagusienetako bat berbiktimizazioa saihestea dela azaldu du Aldalurrek. Alegia, indarkeria matxista jasan duen pertsona batek instituzioetara laguntza eske jotzen duenean, "berbiktimizatua" izaten da tokian-tokian, behin eta berriz, bere testigantza eman beharra izaten duelako. Iparrizarren oinarrietako bat hori saihesteko neurriak hartzea izan da, Aldalurren arabera.

Erreparatzailea ere izan nahi du indarkeria matxistari aurre egiteko zerbitzu berriak, hala adierazi du Parekidetasun teknikariak: "Indarkeria matxista jasan dutenak dira erdigunea, eta haien hitza eta denborak errespetatuz egingo da prozesu guztia. Horretarako, arreta goxoa, koordinatua eta konfidentziala eskainiko dira". Indarkeria matxista kasuak prozesu luzeak eta gorabeheratsuak izan ohi direla azaldu du Aldalurrek, eta hori kontuan izanda "ikuspegi erreparatzailea" izan nahi dute, prozesu horretan udal langileak eta profesionalak lagun izan daitezen.

Iparrizarren barruan indarkeria matxista jasan duten herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak askotarikoak eta doakoak dira, besteak beste honakoak dira: salaketa jartzea, bidelaguntza, aholkularitza psikologiko-terapeutikoa, aholkularitza juridikoa, laguntza ekonomikoa, sexualitate, genero eta bikote aholkularitza eta lanketa kolektiboak. Zerbitzu horietako bat ala beste pertsona bakoitzaren beharren arabera aktibatuko dituzte, eta beti ere, pertsonaren baimenarekin.

Sarbideak

Hiru sarbide daude Iparrizar zerbitzurako: Gizarte Zerbitzuak, Emakumeen Txokoa eta Udaltzaingoa. Beraz, pertsonak seguruena sentitzen duen espaziora jotzeko aukera izango du. Iparrizar zerbitzua baliatzeko ez da beharrezkoa izango salaketa jarri izana, eta, era berean, zerbitzuan sartzeak ez du esan nahi salaketa jarriko denik.

Udaltzaingoa da Iparrizar zerbitzurako sarbideetako bat. Azpeitiko Udaltzaingoak indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko helburuz Babesa zerbitzua jarri zuen martxan 2022. urtetik. Ordutik, udaltzain bat arduratzen da lanaldi osoz indarkeria matxista kasuetara, Emakumeen Txokoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, hala azaldu du Anartz Toledo Azpeitiko udaltzainburuak. "Arreta horren bidez, batetik, biktimak aukera izaten du Udaltzaingoan salaketa jartzeko. Bigarrenik, babes neurrien jarraipena Udaltzaingotik egiten da; eta, hirugarrenik, erasotzailearen jarraipena Udaltzaingotik egiten da. Era berean, kasuen jarraipena eta bideraketa gizarte zerbitzuekin eta Emakumeen Txokoarekin elkarlanean egiten da". Babesa zerbitzua martxan jartzea "apustu garrantzitsua" izan zela nabarmendu du Toledok, eta era horretako zerbitzua Gipuzkoan Azpeitiko eta Donostiako udaltzaingoek soilik ematen dutela.

Iparraizar zerbitzuak orohar onurak ekarri dizkie bai Udaltzaingoari, bai Gizarte Zerbitzuari, bai Emakumeen Txokoari eta bai indarkeria pairatzen duten emakumeei. "Guretzat erronka izaten ari da Emakumeen Txokoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin eguneroko jardunean lanean aritzea, elkarrekin ikasgai eta hobekuntza nabarmenak izaten ari garelako", azpimarratu du Azpeitiko udaltzainburuak.

Emakumeen Txokoan ere giza baliabideen eta espazio aldetik hainbat aldaketa eragin ditu Iparrizar zerbitzua martxan jartzeak, azaldu du Ana Novoa Emakumeen Txokoko teknikariak. Giza baliabideei dagokionez, bi langileak lanaldi osora jartzea izan da aldaketetako bat. Espazioari dagokionez, berriz, Emakumeen Txokoa eraberritu zutenean, esku hartze egokia eta arreta ona eskaintzeko hainbat gune egokitu zituzten.

Iparrizar udal zerbitzura jotzeko edota informazio eskatzeko harremanetarako tokiak eta telefono zenbakiak honakoak dira:

  • Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92.
  • Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00.
  • Udaltzaingoa: 092.