Azaroaren 25a

Azpeitiko ikastetxeetan ere bat egin dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunarekin

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 25a

Ikastetxeetako hormak indarkeria matxistaren kontrako irudiekin eta leloekin bete dituzte Ikasberrin eta Izarraizpen. DBHko eta batxilergoko ikasleek, berriz, Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitutako elkarretaratzeetan parte hartu dute, indarkeria matxistaren kontra eginez.

Azpeitiko ikastetxeetan ere bat egin dute gaur, asteartea, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin. Egunean zehar hainbat ekintza egin dituzte ikasgeletan. Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatiban eta Izarraizpe Ikastola Publikoko haur eta lehen hezkuntzan tratu onen aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako irudiak egin eta jarri dituzte ikasgeletan nahiz korridoreetan. Ikasberrin ipuinak irakurri eta gaiaren inguruan hausnartu dute ikasle eta irakasleek elkarrekin, LHko ikasleek ikus-entzunezko bat ere ikusi dute.

Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, Ikasberriko eta Izarraizpeko DBHko eta batxilergoko ikasleek hitzaldiak izan dituzte, eta ondoren, bi ikastetxe horietako ikasleek eta Iraurgikoek ikastetxe atarietan elkarretaratzeak egin dituzte. Indarkeria matxistaren aurka heziguneak indartu! lelopean egin dituzte protestak ikasleek, "gezurretan oinarritutako diskurtso matxistak eta emakumeon irudi sexualizatua normalizatzen" ari direla salatu dute hainbat lagunek. "Hezkuntza sistema kapitalista ez da gai arazoari irtenbidea emateko, eta horren aurrean, gure eginbeharra argia da: indarkeria matxista betikotzen duten agenteak seinalatu, honen aurkako kontzientzia zabaldu, eta eraso ororen aurrean erantzun irmoa antolatu", azaldu dute. Haien arabera, egoera "larria" da, eta "beharrezkoa" da indarkeria matxistaren aurkako "kontzientzia hedatzea eta mobilizatzen jarraitzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide