Azpeitiko ondarea, herriari bueltan

Ihintza Elustondo 2025eko abenduaren 6a

Julian Barrenetxeakoak eta diskoan parte hartu dutenak, Javier Alberdiren gidaritzapean entseatzen. (Ihintza Elustondo)

2026. urtean 40 urte beteko ditu Julian Barrenetxea abesbatzak. Urtemuga hori aitzakiatzat hartuta, egitasmo bat dute esku artean: herriko hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin, Azpeitiko konpositoreen piezak grabatu eta hainbat euskarritan kaleratuko dituzte. Ahoz aho transmititu diren doinu horiek gal ez daitezen, betirako izoztuko dituzte, herriaren ondarea gordeta geldi dadin. Azaroko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

Azpeitiak herentzian jaso duen ondarea, azpeitiarren eskutik, Azpeitiko herriari bueltan ematea. Legatu bat uztea. Horixe da Julian Barrenetxea abesbatzak herriko beste hainbat musikarirekin eta abeslarirekin elkarlanean martxan jarri duen proiektuaren funtsa. Konposatzaile azpeitiarrek sortutako obrak gal ez daitezen, betirako izoztuta geldituko diren euskarrietan jasotzea: grabatu eta disko batean eta beste zenbait plataformatan argitaratzea. Herriak emandakoa, herritarren eskutik, herriarentzat gordetzea. 

Proiektu horren berri gehiago jakiteko, entsegu batean murgildu da Guka. Asteazken iluntzea da, eta ohi baino jende gehiago dago Udal Musika Bandaren lokalean, Julian Barrenetxea abesbatzak entseatu ohi duen lekuan; baita aspaldian ikusi gabeko aurpegi ezagunak ere. Javier Alberdi zuzendariaren gidaritzapean eta Ignacio Arakistainen organo doinuek lagunduta, partiturek idatziz diotenari ahotsez ari dira bizia ematen. 

Miren Urkizu (Legazpi, Gipuzkoa, 1970) Julian Barrenetxea abesbatzako kidea da egitasmoaren bultzatzaileetako bat; hari piztu zitzaion egun batean "bonbilla". Askotan, halaxe sortu ohi dira gauzarik politenak, batere uste gabe. Hala kontatu du Urkizuk: "2023. urtean, ezkontza batean abestu genuen Madrilen. Senargaia donostiarra zen, baina gurasoak azpeitiarrak zituen, eta andregaia Madrilgoa zen. Haien ezkontzan, Altunaren Olazko Amari meza abestu behar genuen. Andregaiak, Madrilgoa izanik, ez zuen ezagutzen meza, eta orduan galdetu zidan ea posible ote litzatekeen grabaketa bat bidaltzea, berak entzun ahal izateko. Ni berria naiz abesbatza honetan, eta ez nekienez, abesbatzakoei galdetu nien ea zerbait ba ote genuen grabatuta". Harrituta gelditu zen erantzunarekin; inork ez zuen pieza horren grabaziorik. Ezin zuen sinetsi Urkizuk: "Ezta Kaitok ere?". 

Azpeitiko konposatzaileek sortutako piezak ahoz aho kontserbatu dira, urtez urte abestu direlako, festetan edo mezetan. Horietako zenbait danborradan jotzen dira, eta horiek ziurtatuta dute etorkizuna, baina beste pieza askok ez dute hain ziurra biziraupena, Urkizuren ustez. Buruari bueltaka hasi zen orduan: "Altunaren meza, Frantzesenaren Jasokunde meza, San Inazio bezperan abesten ditugun konpletak, Pozez beterik... Abesti horiek non geldituko dira Julian Barrenetxea abesbatza desagertzen baldin bada?", hausnartu zuen. Izan ere, gaur egun, hamabost kide ditu Julian Barrenetxeak, eta gehienak adin batetik gorakoak dira. Errelebo falta nabari dute taldean, eta horrekin batera, abestiak galtzeko arriskua sumatu zuen Urkizuk.

Miren Urkizu, entseguan kantatzen. (Ihintza Elustondo)

Ordutik buruan zuen abeslariak pieza horiekin zerbait egin behar zela, baina ez zion inori ezer aipatu, harik eta Amets Sorazu herritarrak ikasketen amaierako lanerako elkarrizketa bat egin zion arte. Azpeitiko kultur elkarteei buruz informazioa biltzen ari zen Sorazu, eta Olatz Agirre eta Urkizu bera bertaratu ziren Julian Barrenetxea abesbatzaren inguruko informazioa ematera. Elkarrizketaren azken galderara iritsi zirenean, honako galdera hau egin zien Sorazuk: "Proiektu berririk ba al duzue esku artean?". Bi aldiz pentsatu gabe erantzun zion orduan Urkizuk, Azpeitiko konposatzaileen abestiak disko batean grabatzea nahi zuela. Harrituta gelditu zen orduan Agirre, Urkizuren abesbatzako kidea: "Mundiala da proiektua. Zergatik ez dugu ba egingo?". 

40 lagun inguru

Hala, pixkanaka-pixkanaka, ideia egia bilakatzeko urratsak egiten hasi ziren. Lehenik, abesbatzako juntakideei eta Javier Alberdi zuzendariari aipatu zien kontua Urkizuk, eta denei ideia polita iruditu zitzaien. Dena den, Alberdik beste ikuspuntu batekin ikusi zuen egitasmoa. "Proiektu ederra iruditu zitzaion, baina konturatu zen hori gauzatzeko ahotsak behar genituela". Izan ere, Julian Barrenetxeak kide kopuru mugatua izateaz gain, ahots zuriz soilik osatutako taldea da; hau da, emakumeak dira kide guztiak. Hori horrela, inguruko abeslariei gonbidapena egiten hasi ziren proiektuan parte hartzeko. 

Guztira, 40 bat lagun elkartu dira azkenean: Julian Barrenetxea abesbatzako kideak eta kide ohiak, Kbeat taldea, Azketa ahots taldea, Parrokiako Abesbatza eta Ignacio Arakistain organo jotzailea. "Guztiek beso zabalik hartu dute egitasmoa; hori da politena", adierazi du Urkizuk. Denen artean abestuko dituzten doinuak, berriz, honako konposatzaile hauenak dira: Jose Luis Frantzesena, Jose Mari Altuna, Julian Barrenetxea eta Juan Antxieta. 

Musikari horien baimenak eskuratu dituzte diskoa grabatu ahal izateko, eta pieza hauek grabatzea erabaki dute: Antxietaren O bone Jesu, Altunaren Olazko Amari meza, Frantzesenaren Jasokunde meza eta Barrenetxearen Pozez beterik nahiz gregoriano konpletoak. Lau konposatzaile dira, baina bost pieza. Zergatik, baina, abesti horiek eta ez beste batzuk? "Horiek dira abesten direnak, kalean entzuten direnak", nabarmendu du Urkizuk. Grabaketa ordubetekoa izango denez, aukeraketa bat egin behar izan dute ezinbestean, eta ezagunen aldeko hautua egin dute.

Bi fase izango ditu proiektuak. Orain, entseguetan buru-belarri murgilduta daude; asteazkenetako ohiko entseguez aparte, astelehenetan errefortzuko saioak egiten ari dira, ahots bakoitzeko kantariek gidari bana dutela: Arantxa Orbeak sopranoak gidatzen ditu, Urkizuk altuak eta Jaime Amenabarrek gizonak. Dena ondo prestatuta, hil honetan bertan egingo dituzte grabaketak: azaroaren 14an, 15ean eta 16an izango dira. Produzkio lanez Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko Studio ekoiztetxea arduratuko da. Grabaketari lotuta, bada kuriositate bat: Azpeitiko konposatzaileen lanak musikari azpeitiarrek abestuko dituzte, baina Azkoitiko parrokian. "Hango organoa hobea da", dio barrea ezkutatu ezinik Urkizuk. Behin grabaketak eginda, bigarren fasean murgilduko dira: datorren urtean, 40. urteurrenaren bueltan, herriari aurkeztuko diote egindako lana. Oraindik zehazteko dute noiz eta nola egingo duten hori.

Aipatzekoa da, gainera, proiektuaren nondik norakoak ixtean proposamena Azpeitiko Udalean aurkeztu zutela. Han ere oso ideia ona iruditu zitzaien, eta erakundeak babes ekonomikoa eman dio egitasmoari.

Diskoan parte hartu duten gizonetako batzuk. (I. Elustondo)

Erreleborik ez

Julian Barrenetxea abesbatzako kideek ez dakite beren taldeak zehazki noiz betetzen dituen 40 urte, baina hastapenetatik taldearen parte direnek 1986. urtearen hasieran kokatzen dute haren sorrera. Beraz, 2026an badute zer ospatua. Testuinguru horretan, Urkizuri ospatzeko modu polita iruditzen zaio esku artean duten grabaketa. Are gehiago, "oso lan garrantzitsua" deritzo egiten ari direnari, eta kostatu egiten zaio emaitza laster kalean izango dela sinestea: "Oraindik ez naiz kontziente nire ideia hartatik zenbat jende mugitzea lortu dudan", dio aho txikian.

Grabatzen ari diren azpeitiar konpositoreen obrak Elizarekin lotuta daudela azpimarratu du, eta jakitun da gaur egun Elizak herritar askoren artean ez duela arrakastarik. Dena den, pieza horiek historiaren parte direla, eta, beraz, garrantzia dutela nabarmendu du. "Jasoko ditugun kantuak mezak dira, Elizarekin lotuta daude. Jendea ja ez da elizara joaten, baina musika da, gure kulturaren parte. Alde batera laga beharko genituzke Elizarekin eta erlijioarekin dituzten loturak, eta ulertu behar dugu garai hartan Elizak sekulako boterea zuela eta kultura guztia Elizaren bueltan sortu zela. Musika hizkuntza unibertsala da, ez du ezertaz ulertzen, eta behintzat, jasota geldi dadila".

Julian Barrenetxea abesbatzako kideei ez zaie ilusiorik eta proiektu berrietan murgiltzeko gogorik falta; izan ere, 2025. urtea "bete-betea" izan dela aitortu du Urkizuk. "Azken hiru hilabeteetan dena batera tokatu zaigu: ezkontza, musika barrokoaren kontzertua, Sahatsarekin batera eskaini genuen emanaldia, beste ezkontza bat eta diskoaren grabaketa". Aitortu du "neka-neka eginda" dagoela, baina aldi berean pozik, uzta polita utzi duelako urteak Julian Barrenetxearenean.

Julian Barrenetxeako beteranoak. (I. Elustondo)

Dena den, pena puntua ere badu Urkizuk, beraiei abesteko gogorik falta ez bazaie ere, errelebo falta nabari dutelako taldean. "Ez dago belaunaldi arteko erreleborik abesbatzetan. Ez da Azpeitiko kontua bakarrik, beste herrietan ere gauza bera ari da gertatzen". Horrez gain, proiektu honetarako gizonak elkartu diren arren, Julian Barrenetxea abesbatzan gizonen falta nabari dute, eta gustatuko litzaieke herriko gizonak abestera animatzea. "Gizon ala emakume, guztiak animatuko nituzke kantatzera", adierazi du, nahiz eta jakin testuinguak ez duela laguntzen. "Abesbatzak ez dauka arrakastarik gazteen artean. Agian, lan bat egin beharko genuke gure partetik ere horri buelta emateko. Ume denei futbola gustatzen al zaie? Agian egongo da norbait abestu nahi duena, baina ez diogu horretarako bidea errazten". Hausnarketarako baliatu du abagunea Urkizuk. 

Norbaitek animatu nahi badu, ateak zabalik ditu, 40 urteko bideari urratsak eransten jarraitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide