[DA]TOZENAK

Izena duen guztiak du izana, Gazan ere

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 27a

Mikel Aiestaran, artxiboko irudi batean. (Guka)

Mikel Aiestaran kazetari eta idazleak Gazako gatazkari buruzko "kroniken kronika" osatu du laugarren liburuan. Zenbakiei izenak jarrita, azken urteetan han ikusitakoak bildu ditu, gertatutakoa ahanzturan eror ez dadin.

Mikel Aiestaran (Beasain, Gipuzkoa, 1975) kazetari eta idazlearen laugarren liburua kalean da: Gazako istorioak. Bizitza gerren artean (Alberdania). Autoreak apirilean kaleratu zuen gaztelaniaz liburua Peninsula argitaletxearen eskutik, eta Jon Plazaolak euskarara ekarritakoak irakurleen artean bi hilabete baino gutxiago badaramatza ere, dagoeneko liburu horren bigarren edizioa kalean da.

Israel Gazako herriaren aurka egiten ari den sarraskiak gaurkotasun osoa hartzen duen honetan, Azpeitiko bizilagunak Gazako gatazkari buruzko "kroniken kronika" idatzi du, eta azken hogei urteetan han ikusi eta jasotakoak bildu ditu saiakera lanean. Zehazki, "hiriko zerrendaren iragana eta oraina" aztertu du hark: batetik, 3.000 urte baino gehiago dituen Gazako historia gogoratu du hark, jakinekoa baita leku "irrikatua" izan dela eta inperio eta erresuma ugari lehiatu direla "desertuaren atari den lur zati txiki hori" eskuratzeko. Bestetik, historia-ri hatxea kenduta, batez ere pertsonengan jarri du arreta. "Gerraren itzalean bizi diren biztanleen bizitzak eta sufrimendua jorratu ditut, baina baita haien duintasuna eta itxaropena ere", azaldu du Aiestaranek.

Gazan hildakoen kopuruak 70.000 pertsonako langa gainditu du 2023ko urrian Israelek Gazako erasoaldia gogortu zuenetik, eta idazlea jakitun da gazatarrak "zenbakiak" bihurtuak direla handik kanpo. "Hildakoen datuarekin geratzen gara, baina liburuan, beraien izenak eta istorio txikiak kontatzen ditut. Beste liburu batzuetan ere erabili dudan formatu antzekoa da; besteak beste, Oriente Medio Oriente roto-n ere modu hori erabili nuen, baina kronikaren atzean dauden xehetasun guztiak biltzen ditu azken liburu honek, eta horregatik, lehenengo pertsonengana jotzen dut beharrezkoa denean". Hori horrela, Gazako lekuen edota batez ere herritarren izenen zerrenda luze bat ageri da liburu osoan zehar, jakitun baita, izena duen orok duela izana, baita Gazan ere: "Funtsezkoa da protagonistei izena jartzea. Dudarik gabe, gazatarrak dira protagonistak, ez dira zifrak. Gu bezalako pertsonak dira, nahiz eta Israel saiatu den guztiak animalia gisa erakusten. Pertsonak dira, eta horretarako, ezinbestekoa da izenak jartzea".

Idatzi beharrekoa

Azken urteetan lantoki eta bizitoki duen Ekialde Hurbila bezala, ongi ezagutzen du Palestina bera ere Aiestaranek. Esaterako, dozena bat baino gehiagotan egon da Gazan azken bi hamarkadetan, eta herrialdearekin duen "loturak" bultzatu du liburua idaztera, Gazan gertatutakoak ahantz ez daitezen eta "inork isilarazi ez" ditzan. Haren arabera, "idatzi beharreko" liburua zuen Gazako istorioak saiakera. 2023ko urriaren 7an, Hamasek eta beste hainbat milizia palestinarrek Israel eraso eta hark zerrendaren aurkako setioa eta oldarraldia handitu izana mugarria izan zen idazlearentzat ere, liburua "bai ala bai" idatzi behar zuela erabaki baitzuen orduan hark. Hala, Gazan erabiltzen zuen libreta atera, eta hamarkadatan bildutako datuak, gertaerak eta izenak berreskuratu zituen. Hain zuzen, liburuko lehen esaldian irakur daitekeen moduan, kazetaria Istanbulen zela –egun han bizi da– 2023ko urriaren 7 hartan gertatutakoaren berri izan zuen unea du abiapuntu lanak. Egun hartaz galdetuta, idazleak "harriduraz eta zalantzaz" gogoratzen du, eta aitortu du oraindik "kosta" egiten zaiola orduan jazo zena barneratzea: "Ezin dut sinetsi Hamasek Israelgo segurtasun neurriak hain modu errazean gainditu izana; hesia zeharkatu, eta beste aldean erresistentziarik aurkitu ez zuenik. Aitzitik, tekno jaialdi bat aurkitu zuela".

Kazetariak "laster" ikusi zuen haren lanbidekoek "aurrekaririk gabeko operazio bati aurre" egin behar ziotela, eta, gainera, ez zutela hara sartzeko baimenik. Egoeraren aurrean, Gazaz "ahalik eta formatu gehienetan" hitz egin beharra zegoela irizten dio autoreak: "Ondo dago eguneroko informazioa ematea, baina gero, bai edo bai, idatzi egin behar da gertatutakoa nonbaiten gera dadin; eta halako momentu batean, are gehiago". Bere kasuan behintzat, ondu duen liburuaren formatuan "oso eroso" sentitzen dela azaldu du, modu horrek ahalbidetzen diolako egunerokoa ez duen kazetaritza egitea. Era berean, Gazan gertatzen ari dena saiakera lan batean kontatzeko orduan autoreak duen ikuspuntu pertsonalaz ere mintzatu da hura: haren hitzetan, gatazka honetan "jarrera orekatuari eta neutralari" eusten saiatzeak "bidegabekeria" ekarriko luke, tokian tokiko egoera "oso desorekatua" baita.

Kazetariak Gazara sartu ezinda, bestalde, Aiestaranek azpimarratu du hark ere beharrezkoa duela bertakoak diren kazetariak jarraitzea informazioa jasotzeko eta emateko, eta aitortu du Instagram gisako sare sozialak erabili dituela aurrenekoz "gerra kazetaritza" egiteko. "Funtzionatzen du, gainera", adierazi du.

"Itotako" herria

Gazako irudiak ikusita eta Aiestaranek han bizi izandakoak oroituz, azaldu du hark ezagutu zuen Gaza dagoeneko ez dela existitzen, oraindik bi milioi gazatarrek han jarraitzen badute ere. Lehen ere lan egiteko "oso toki berezia" zela adierazi du hark, batez ere, Israelek eta Egiptok ezarritako blokeoaren ondorioz. "Itolarri handiaren sentipena zegoen". Azkenengoz, 2023aren hasieran izan zen Aiestaran Gazan, "oroitzapen handirik ez" duen "bidaia azkar" batean. "Nire lagun eta itzultzailearekin igaro nuen denbora, Gazari agur esateko. Izan ere, Jerusalemdik Istanbulera joan nintzen bizitzera, eta uste nuen gutxiagotan bisitatu ahal izango nuela". Egunen batean hara itzuli ahal izango den esperantzarik badu, baina berriz azpimarra eginda, hark ezagutu zuen Gaza dagoeneko ez dela existitzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide