Gari Goikoetxea idazleak Esnatu ala hil liburua aurkeztuko du bihar, 18:30ean, Basazabal jauregian. Azpeitiko Udalak eta Euskararen Mahaiak Euskararen Egunaren bueltan antolatu duten aurkezpena.
Gari Goikoetxeak Iñaki Iurrebasorekin batera idatzi du Esnatu ala hil, eta euskararen indarberritzeak bizi duen geldialdia aztertu dute liburuan. Iurrebasok ondutako tesitik abiatuta, idazleek euskararen inguruko diagnostikoa jaso dute zazpi atalean, eta bakoitzeko gako nagusiak azalduko ditu Goikoetxeak biharko aurkezpenean.
"Helduleku izan nahi du liburu honek, euskararen bilakaera eta egoera zein den ohartzeko tresna. Begiak zabaltzeko ordua da, izan ere. Euskararen biharko ametsak esnatzea eskatzen baitu gaur", dio liburuaren laburpenak.