Gabonetarako ekintza eskaintza oparoa antolatu dute udalak eta eragileek

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 9a

Gabonetako eskaintza eta egitarauaren aurkezpenean udal ordezkariak eta eragileetakoak. (Azpeitiko Udala)

Gaur hasi eta urtarrilaren 5era bitartean Gabonetako ekintzak antolatu dituzte Azpeitiko Udalak, Bertan merkatari elkarteak eta Kulturaz kooperatibak. Jarduera gehienak haur, nerabe eta familiei zuzendutakoak izango dira, baina badira helduentzako saioak ere.

Joan den ostiralean piztu zituen udalak Gabonetako argiak herriko kale eta auzoetan, eta gaurtik urtarrilaren 5era bitarterako ekintza eskaintza zabala prestatu du, Bertan merkatari elkartearekin eta Kulturaz kooperatibarekin batera. Batik bat, haur, nerabe eta familiei zuzendutako jarduerak dira antolatu dituztenak, baina badira helduentzako direnak ere, hala nola Gabonetako Azoka edota Abraham Cupeiroren kontzertua.

Haur eta nerabeentzako ekintzen artean daude, besteak beste, Gazteria sailak antolatutako Gabonetako ekintzak, Izarraitz pilotalekuan jarriko duten Gabonetako Haur Parkea, Ekoetxeko Trukegunea, moda jasangarriaz tailerra, escape boxa, zinema emanaldiak, txotxongilo tailerra familientzako, Kirolaz Blai saioa edota dantza garaikideko hastapen tailerra.

Gabonetako ekintzen artean, Olentzero eta Mari Domingiren etorrerak eta Errege Magoen kabalkadak ere antolatu dituzte. Aurreko urteetan bezala, abenduaren 24an, 12:30ean, San Martin egoitzatik abiatuko da Olentzero eta Mari Domingiren kalejira, eta 13:00etan iritsiko dira herriko plazara.

Urtarrilaren 4an, berriz, erregeen pajeek haurren gutunak jasoko dituzte udaletxe azpiko arkupean, 17:30etik aurrera. Hurrengo egunean, Errege Magoak Lasaotik trenean etorriko dira, eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokian geldialdia egingo dute. Gero, 19:00etan igerilekuaren aurretik irtenda, kalejira egingo dute kalerik kale, eta 20:00etan udaletxeko balkoira igoko dira.

Gabonetako eskaintza:

  • Abenduak 9tik urtarrilaren 8ra arte. Trukegunea eta arropa bilketa, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, Ekoetxean.
  • Abenduak 13, larunbata. Gabonetako azoka eta Izan Moxal marrazki txokoa, 10:00etatik 20:00etara, herriko plazan.
  • Abenduak 14, igandea. Kontzertua: Abraham Cupeiro, Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Agus Barandiaran eta Oiasso Kamerata. 18:00etan, Soreasu antzokian. Sarrera: 18 euro.
  • Abenduak 22, astelehena. Zinema haurrentzat: Tom y Jerrry. Aventura en el tiempo filma. 16:30ean, Soreasu antzokian. Sarrera: 4,5 euro.
  • Abenduak 22, 23 eta 24. Gazteriako ekintzak, 5 urtetik 18 urtera artekoentzat.
  • Abenduak 24, asteazkena. Olentzero eta Maridomingiren etorrera, 13:00etan, herriko plazan.
  • Abenduaren 24tik 30era, Izan moxal marrazki erakusketa, Sanagustin kulturgunean.
  • Abenduaren 25etik urtarrilaren 7ra, jaiotza zabalik izango da Soreasuko Sebastian Donearen parrrokian. Astelehenetik larunbatera 17:30etik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 12:15era, 13:15etik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara.
  • Abenduak 27, larunbata. Melodiaren itzala, txotxongilo familia tailerra, 5 urtetik gorakoentzat. 10:00etan, Dinamoa sormen gunean. Prezioa: 5 euro.
  • Abenduak 27, 28, 29, 30 eta urtarrilak 3 eta 4. Jasangarritasuna ezagutzen jolas autogidatua, 11:00etatik 12:30era, Ekoetxean.
  • Abenduak 27, 28, 29, 30 eta urtarrilak 3 eta 4. Terminus familiak escape boxa, 16:00etatik 17:30era, Ekoetxean.
  • Abenduak 27, larunbata. Amalurra ikuskizuna, Txantreako konpartsarekin, 16:30ean, Soreasu antzokian. Prezioa: 13 euro.
  • Abenduak 28, igandea. Zinema haurrentzat: Super Charlie filma, 16:30ean, Soreasu antzokian. Sarrera: 4,5 euro.
  • Abenduaren 22tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era, familia txokoa, 11:00etatik 19:00etara, kiroldegian. Abenduak 24, 31 eta urtarrilak 6, 11:00etatik 12:30era. Sarrera: 2 euro (bazkideentzat doan). Adina: 8 urte bitartekoentzat.
  • Abenduak 29, astelehena. Dantza garaikideko hastapenak, 11:00etatik 13:00etara, Dinamoa sormen gunean. LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 mailetako ikasleentzat.
  • Abenduak 30, asteartea. Kirolaz blai saioa, 10:00etatik 13:00etara, kiroldegian. LH5, LH6, DBH1 eta DBH2 mailetako ikasleentzat.
  • Urtarrilak 2 eta 3. Gabonetako haur parkea, 16:00etatik 20:00etara, Izarraitz pilotalekuan. Sarrera: 3 euro. 10 urte bitarteko haurrentzat.
  • Urtarrilak 4, igandea. Zinema haurrentzat: Tigre galdua filma. 16:30ean, Soreasu antzokian. Sarrera: 4,5 euro.
  • Urtarrilak 4, igandea. Erregeen pajeak, 17:30ean, udaletxeko arkupeetan.
  • Urtarrilak 5, astelehena. Errege Magoen kabalkada, 17:30ean, parrrokian eta 20:00etan, herriko plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide