Euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du Sarek hilaren 24rako

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 11

Hainbat lagun, Gabonetako presoen aldeko elkarretaratze baten artxiboko argazkian. (Ihintza Elustondo)

Abenduaren 24rako elkarretaratzea deitu du Azpeitiko Sarek, Ezin da gehiago luzatu lelopean. Bestalde, urtarrilaren 10ean Bilbon lelo berdinarekin egingo duten manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin du.

Urtero egin ohi duen bezala, Azpeitiko Sare Herritarrak euskal presoen, deportatuen eta iheslarien eskubideak errespetatu daitezela aldarrikatzeko baliatuko ditu Gabonak. Horrela, elkarretaratzea deitu du abenduaren 24an, 18:30ean, plazan, Ezin da gehiago luzatu lelopean.

Horrela, urtarrilaren 10ean Bilbon egingo duten manifestazio nazionalerako aukeratutako leloa plazaratuko du Sarek Azpeitian ere, eta Bizkaiko hiriburura joateko deialdia egin die herritarrei. 17:00etan hasiko da urtarrilaren 10eko mobilizazioa, La Casillatik, eta eskubide guztiak lortzeko bidearen "azken zatian" indarrak batzeko ahalegina egingo du Sare Herritarrak. Azpeitiko Sarek iragarri duenez, autobusak antolatuko ditu manifestazio horretara joateko. Orkatzen, Berdien eta Nizan egongo da autobuserako izena emateko aukera.

Bestalde, Sarek euskal presoek eta iheslariek bizi duten egoera aztertzeko eta herritarren artean hausnarketa zabaltzeko batzarra deitu du bihar arratsaldean, 18:30ean, Urola Erdiko Mankomunitateko egoitzaren areto nagusian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide