Kalteen eragina aztertu bitartean, herritarrek ezingo dute Balentina Agirreko lurpeko garajeetara sartu

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 15a

Suhiltzaileen kamioia atzo gauean, Artzubiako biribilgunean. (Azpeitiko Udala)

Atzo gauean auto batek su hartu zuen lurpeko garaje horietako batean. Suhiltzaileek gauerdiaren bueltan lortu zuten sua kontrolatzea, eta gaur goizean ari dira kalteak neurtzen. Segurtasuna bermatzeko, gasa moztu dute hainbat etxebizitzatan.

Atzo gauean auto batek su hartu zuen Balentina Agirre plazako lurpeko garajeetan, eta zenbait kalte eragin zituen azpiegituran. Gauerdiaren bueltan lortu zuten suhiltzaileek garajean piztutako sua kontrolatzea.

Gaur goizean hasi dira udal langileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak sutearen eraginak neurtzen, eta lanok bukatu bitartean bizilagunek ezingo dute garajeetara sartu. Gainera, segurtasuna bermatzeko xedez, hainbat etxebizitzatan gasa moztu dute.

Udalak azaldu duenez, Udaltzaingoa Balentina Agirre plazaren inguruan dago, bizilagunei lagundu ahal izateko, eta zalantzarik izanez gero, herritarrek 943-15 13 13 telefono zenbakira dei dezaketela gogorarazi du erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide