Balentina Agirreko garajeetako zati batetik ibilgailuak ateratzeko baimena eman dute

Mailo Oiarzabal

Herritarrak eta poliziak Balentina Agirre plaza azpiko garajeen sarreran, bazkalondoan. (Maialen Etxaniz)

Garaje batzuetatik autoa ateratzea bai, baina berriro sartzerik ez dela izango zehaztu du udalak. Atzo gaueko suteak kaltetutakoek Udaltzaingoan jar dezakete salaketa.

Atzo gauean Balentina Agirre plaza azpiko garajeetan piztutako suak eragindako kalteak neurtzen jarraitzen dute udal langileek eta suhiltzaileek, eta Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean ari dira gertatutakoa ikertzen, udalak jakinarazi duenez.

Goizean, kalteak aztertu bitartean garajeetara ezingo zela sartu jakinarazi du udalak, baina eguerditik aurrera herritar batzuk hasi dira beren ibilgailuak ateratzen. Izan ere, garajeetako zati batetik ibilgailuak ateratzeko baimena jaso dute jabeek; autoa ateratzea bai, baina momentuz berriro sartzerik ez dela izango zehaztu du udalak.

Era berean, atzoko suteak kaltetu dituen herritarrek dagokien salaketa Udaltzaingoan jar dezaketela jakinarazi du udalak, eta "edozein zalantza izanez gero", udaltzainen 943-15 13 13 telefonora deitzea gomendatu die.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide