Urrestillako musika taldeen entsegu lokaletako toki faltari erremedioa jartzeko utzi zien Azpeitiko Udalak Zubizarreko eraikina musikari gazteei. Ordura arte, pasonibela eta jatetxea izan zen Zubizar eraikina. 1998. urte inguruan hasi ziren hiruzpalau musika talde eraikin zahar berrian entseatzen. Gaurdaino, hamarnaka talderen eta dozenaka musikazaleren elkargunea eta hamaika kanturen sorlekua izan da, eta oraino, hainbat herritarrek duten musikarako harra asetzeko elkargunea da.
Zubizar "bizi-bizirik" dago, entsegu lokal hori erabiltzen duten Ukabil taldeko Lantz Unanueren (Azpeitia, 2004), Istilu taldeko Aitzol Brizen (Azpeitia, 2002) eta BOL (Baserriko Ollaxkuk Labien) taldeko Andoni Olaizolaren (Azpeitia, 1974) arabera. Hamabost bat talderen eta ehun lagun ingururen elkargunea dira eraikineko lokalak gaur egun. Bizitasun horren adibidetzat jarri dituzte joan den uda hasieran atera zuten Zubizar Hits diskoa eta lan hori aurkezteko egindako Zubizar Fest kontzertua.

Lau bat entsegu gela batzen ditu Zubizarrek, eta erantsitako lokal bat ere badu, "lokal txikia" deitzen diotena. Gela edota espazio bakoitzean entseatzeko talde bat baino gehiago biltzen dira. "Gurean, esaterako, zazpi bat taldek entseatzen dugu", esan du Unanuek. Azken boladan, Zubizarrekoek aldatu egin dute antolaketa modua, eta horren emaitza izan dira kaleratu dituzten diskoa eta uztailean egin zuten musika jaialdia. "Lehen, espazio bakoitzeko taldeek modu autonomoan funtzionatzen zuten, eta elkarren artean ez genuen harreman askorik. Diskoa grabatzeko kontua atera zenean, elkarrekin biltzen hasi ginen asanbladan, eta orain, horretan jarraitzen dugu", azaldu du Olaizolak. Musika jaialdiari ere egin dio erreferentzia hark: "Zubizarreko kontzertuen lehen edizioetan lokal txikikoek bakarrik jotzen genuen. Gerora, baina, Zubizarreko beste espazioetako taldeak ere batu dira jaialdira".
Sortzen dituzten piezak, kantuak, plataforma digitaletara gehitzen dituzte Zubizarreko musika taldeek, baina aspaldian euskarri fisikoan maketarik edo diskorik ez dute kaleratu. Zubizar Hits egitearen arrazoiak bat baino gehiago dira, baina musikazaleak batzen diren eraikin horretako emaitzak euskarri fisiko batean bilduta edukitzea da horietako bat. Olaizolaren ustez, balio erantsi bat du disko batean kantuak jasota izateak. "Ederra da besapean diskoa hartu eta etxera eramatea, zuk sortu duzun hori jasota izatea nonbait, lan hori oparitzea... Igoal, gero inor gutxik entzungo du, baina... Plataformetara igotzea kantuak? Ados, ondo, baina hor nonbait daude, hodeian, eta ez etxean. Beste balio bat du euskarri fisikoan Zubizarren jarduten dugun taldeen kantuak grabatuta izateak", adierazi du.
Udan kaleratu zuten diskoari beste balio bat ere ikusten dio Brizek. Lokatzak diseinu oso polita egin zuen diskorako, eta Zubizarren historia labur bat gehitzeaz gainera, talde bakoitzaren argazkia, logoa eta kantuen hitzak jaso zituen. Diskoarekin, bizirik gaudela adierazi nahi genuen, talde batzuk jarduten dugula Zubizarren, eta asko garela". Beren sorkuntzaren berri emateaz gainera, herrian "zarata" atera nahi zutela gehitu du Olaizolak, "guk ditugun interesak herriari erakustea" ere izan baita horien nahia.
Juan XXIII. kaleko eraikin zaharrean entseatzen duten talde denek ez dute parte hartu udan ateratako diskoan, baina bai gehienek. Zubizarren sortu, Dinamoa sormen gunean grabatu eta uztailaren lehenetan egindako jaialdian aurkeztu zuten hainbat musika estilo biltzen dituen lana.
Musika mazedonia
Era askotako musika, baina batik bat metal eta punk doinuak dira nagusi Zubizarren. "Albokariak daude, trikitia elektronikoarekin nahasten dutenak, heavyak, rapa egiten dutenak, punkaren barruan aritzen direnak... Popera gehiago jotzen dutenak, melodikora, punk-punkak, oi! gogorragoa egiten dutenak, hardcorea egiten dutenak... Taldeak, bakarlariak... denetarik dago", azaldu du Unanuek. Ateak irekita dituzte Zubizarren musikan aritu nahi dutenentzat, jotzen duten estiloa jotzen dutela ere.
Ukabil taldekoak 12-13 urterekin hasi ziren Zubizarren entseatzen, musika jotzen, "ezer askorik" jakin gabe. Taldean entseatzeko, ordea, tokia falta zuten, eta espazio hori aurkitu zuten bertan. "Entseatzeko leku bat baino gehiago eman digu Zubizarrek; musika sortzeko ez ezik, musikazaleak diren beste herritar batzuekin harremanak egiteko balio izan digu, baita ikasteko eta proiektua aurrera ateratzeko ere", esan du Unanuek.
Eraikin zaharrean hasiberria den talde bateko kidea da Oier Zubizarreta (Azpeitia, 2009). Azken Borroka izeneko taldeko kidea da. Oraindik kontzerturik ez dute eskaini, baina kantuak sortzeko eta jotzeko elkartzen dira taldekideak Zubizarren. Labankada taldekoak ezagunak zituzten, eta haiei galdetuta hasi ziren eraikinean entseatzen. "Hasieran, txoko batean entseatzen genuen, eta gero, beste gela batera pasatu ginen. Orain, eskolan azterketekin-eta gabiltzalako gutxiagotan elkartzen gara, baina ahalegintzen gara musikan jarduteko tartetxo bat hartzen. Ea azterketak bukatutakoan gehiagotan biltzen garen. Ondo pasatzen dugu musika egiten, gustura gabiltza".
BOL taldeko kidea orain dela mende laurden inguru hasi zen Zubizarrera joaten, artean talderik ez zuela. "Umetatik eduki dut lotura musikarekin, eta Zubizarren jotzen zuten taldeek zer egiten zuten entzutera joaten nintzen hara. Gaur egun dena da Zubizar niretzat; musikaren fabrika da". Brizentzako, taldekideekin elkartzeko gunea da entsegu lokala, baita astegunetan lagunekin egoteko tokia eta "sormenereko gune bat" ere.
Oro ez da urre Zubizarren, ordea. Han aritzen direnen gogoak bete arren, hutsuneak ere agerikoak dira. Gaur egungo taldeetako kide denak gizonak dira. "Herrian orain musika taldeetan dabilen emakume gutxi ikusten da, eta horrek Zubizarren ere badu islada. Emakumeek osatutako musika talde bat izan da azken urteetan, eta Zubizarren jardun du: Erratu taldea. Punka jotzen zuten", gogoratu du Brizek. Horri lotuta, hark gaineratu du musika egitera joan nahi duten denentzako daudela Zubizarreko ateak zabalik.
Eraikina zaharkituta ere badago, musikarien arabera. "Ondo gaude Zubizarren, baina espazioa pixka bat zaharkituta gelditu da. Talde asko ere ibiltzen gara eraikinean, eta espazio falta antzematen dugu". Ibilian-ibilian zapata zola ere higatu egiten da, baita Zubizarreko baliabideak ere. Hala dio Unanuek: "Jende asko dabilen tokian mantentze lan handia behar izaten da, gauza bat zahartu egin delako, eta bestea puskatu delako edo ez duelako funtzionatzen". Horrelakoetan, espazio batekoek bestekoei lagunduz konpontzen eta berritzen dituzte gauzak. "Udalak ematen digun diru laguntza mantentze lanetarako erabiltzen dugu, eta elkarri lagunduz egiten ditugu konponketak, berrikuntzak. Diru gehixeago edukiko bagenu... Baina, tira, orain arte moldatu gara eta", esan dute Unanuek eta Brizek.
Zilbor hestea etenda
Zubizarreko entsegu lokalen jatorriaren zilbor hestea etenda dago gaur egun. Espazio horretako musikazaleek badakite Urrestillan musika talderen batzuk entseatzen dutela, baina ez besterik. Entseatzeko bi eraikinetan jarduten duten musikarien arteko harremana "zero" dela esan du Olaizolak. Urrestillako lokaletan sortu eta hasitako taldeak hartu zituen Zubizarrek sorreran, eta gerora, bi entsegu lokaletako taldeek elkarrekin musika jaialdiak ere antolatu izan zituzten; esaterako, 2000. urtearen inguruan, Triku Festa. Azpeitiko Kultur Mahaian ere parte hartu zuen Zubizar musika elkarteak.
Ibilbide osoaren lekuko izan da Joseba Izagirre (Azpeitia, 1974), Zubizarren hasiera-hasieratik dabilen musikaria. "Hotzikara taldearekin hasi ginen Zubizarren, gero Segabathor izango zenarekin. Ondoren, denbora batez, musika utzita eduki nuen, baina Izei taldearekin itzuli nintzen Zubizarrera. Gaur egun, Arrol taldean aritzen naiz, beste bi lagunekin batera", laburtu du Zubizarreko bere musika ibilbidea Izagirrek.
Gaur egun talde batzuk aritzen diren arren, Zubizarrek garai oparoagoa izan zuela gogoratu du Arrolekoak. "2000. urte inguruan jendez beteta egoten zen Zubizar. Orain, ostiral arratsaldetan soilik joaten naiz Zubizarrera, entseatzera". Denbora libre askorik izan ez arren, musikarako duen grina asetzeko balio dio Izagirreri hara entseatzera joateak. "Ostiralero hiru bat orduz jarduten dugu entseatzen. Kantuak sortzen ari gara, eta batzuk sortzen ditugunean kontzertu bat jotzea da gure ilusioa". Hain zuzen ere, herriko hainbat musikazaleren ilusioak, nahiak eta sormena batzen ditu Zubizarrek. "Herrian musika proiektuak eta taldeak ateratzeko erreminta bat da Zubizar", Unanueren arabera.
"Sehaska" Zubizarren izan duten musika taldeak asko izan dira eta dira. Zubizarren aritu diren taldeak honako hauek dira, besteak beste: Hotzikara, Segabathor, Legen Beltza, Izei, Sijjin, The Friday's Crew, BOL, In Your Face, Arroite, Erratu, Zallek, Erokomeri, Hellwatch, Ukabil, Istilu, No Pleitz, Egurra ta Kitto, Kezkak, Jipoituak, Labankada, ZZ Punk, Katxo eta Xegu, Insane FT, Lurrikara, Puntapaxa, Tiratxinas, Esur Beltxa, Arrol, Txatar, Azax eta Azken Borroka. Horietako talde batek edo bestek disko bat baino gehiago kaleratu ditu, baita Azpeitiko eta Euskal Herriko mugetatik kanpo kontzertuak jo ere. "Gu Galiziaraino iritsi gara taldearekin", adierazi du Istiluko kide Brizek. Finean, Azpeitiko gazteek musika egiteko, sortzeko, "fabrika" da Zubizar, ilusioa pizten dien hori egiteko elkargunea.
Istilu taldekoak 2019. urtean. (Maialen Etxaniz)
Azax taldekoak. (Utzitakoa)
Erokomeri taldea, 2017an. (Utzitakoa)
Arroite taldekoak. (Utzitakoa)
Legen Beltza taldea, 2010ean. (Utzitakoa)
Izei taldekoak (ezkerretik aurrenekoa da Joseba Izagirre), 2019 urtean. (Utzitakoa)