Astelehenean hasiko dituzte saihesbideko Ezkuztatik gorako zubia berritzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 18a

Berrituko duten zubia eta azpitik doan bidegorri zatia. (Nerea Uranga)

Urtarrilaren 12an hasiko ditu obrak aldundiak, baina abenduaren 22an ekingo diote prestatzeari. Astelehenetik, errei bat bat itxita egongo da eta semaforoekin zuzenduko dute trafikoa GI-631 errepideko saihesbideko zubi horretan, eta zubipetik igarotzen den bidegorri zatia ere itxiko dute. Lanek sei hilabete irautea aurreikusi du aldundiak.

GI-631 errepideko saihesbidean Zestoatik Azpeitia sarreran Urola ibaiaren gaineko zubia birgaitzeko lanak hastear da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentua, eta astelehenetik aurrera hasiko dira eraginak antzematen errepidean zein zubipeko bidegorrian.

Izan ere, lanak bere horretan urtarrilaren 12an hasiko dituztela jakinarazi du aldundiak, baina abenduaren 22an ekingo diote horiek prestatzeari. Horrela, astelehenetik, errei bat bat itxita egongo da Ezkuztatik gorako zubi horretan, eta semaforoekin zuzenduko dute trafikoa, pasoa txandaka emanez, eta zubipetik igarotzen den bidegorri zatia ere itxiko dute. Lanek sei hilabete irautea aurreikusi du aldundiak.

Foru erakundeak duela urte eta erdi, 2024ko ekainean, iragarri zuen Azpeitian bi zubi berritzea aurreikusten zuela agintaldi honetan, orain berritzen hasiko direna eta Loiolakoa, Gipuzkoako Pasoko Azpiegituren Jarduketen Plangintzaren barruan. "Zubiaren zutabeak mantendu egingo dira, baina gainaldeko taula guztiak berritzea aurreikusten du proiektuak, oso zaharkituta dagoelako eta trafiko astuna bertatik pasatu ahal izateko", azaldu zizkion Gukari Susana Luzuriaga aldundiko Bide Azpiegituren Birgaitze eta Bulego Teknikoko zerbitzuburuak orain hasiko dituzten lanen helburuak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide