Barakaldoko hilketa matxista salatu du udalak, eta hildako emakumearen senitartekoei zein gertukoei elkartasuna adierazteaz gain, Azpeitiko Feministen Sareak gaur, 19:00etan, plazan deitu duen mobilizazioarekin bat egingo duela esan du.
Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den zazpigarren erailketa matxista izan da Barakaldokoa, halaber, 123 dira 2003tik erregistratutako hilketak, udalak gogoratu duenez. "Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere", ohartarazi du.
Erakundearen iritziz, herritar guztien ardura da indarkeria matxistaren aurrean "modu aktiboan" jokatzea, izan ere, emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko" arazo bat dela baieztatu du. "Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larrien eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", aldarrikatu du.
Hori dela eta, Azpeitiko Udalak ziurtatu du lanean jarraituko duela "berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi" irtenbidea bilatzeko. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dagokigu", berretsi du.
Udalak gogorarazi du erasoren baten aurrean, honako telefonoetara dei dezaketela herritarrek:
- Gizarte Zerbitzuak: 943157192
- Udaltzaingoa: 092 edo 943 15 13 13
- Emakumeen Txokoa: 688751000
- Ertzaintza: 112