Azpeitia eta zezenak. Etorkizunik bai? izenburupean, solasaldia izango da ostiralean Basazabal jauregian. 19:00etatik aurrera, zezenzaletasunaren bueltan sortu den giroaz, zezenzaletasunak herrian bizi duen egoeraz nahiz zezenzaletasunaren historiaz ariko dira solasean, herriko zezenzale batzuek antolatuta.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, azken urteetan bizi duten "errepresioaren, debekuaren eta ideologia nahasmenduaren aurrean" prestatu dute hitzaldia, batez ere, zezenzaletasunaren historia eta horrek Euskal Herriarekin "betidanik" izan duen "lotura estua" azpimarratzeko xedez. Hain zuzen ere, gaiaz hausnartzeko foro bat sortu nahi dute, eta lehen hitzordua izango da ostiralekoa.
Gaur egungo zezenaren bueltako ekitaldiez ere ariko dira solasean, eta zezenerako afizioa duten eta zezenaren bueltako profesionalei ahotsa emango diete, beren iritzia partekatzeko eta aldarrikatzeko aukera izan dezaten. Zehazki, Asier Campos Kinttela banderillero azpeitiarrak bere ibilbideaz hitz egingo du, eta Ignacio Arakistain ariko da moderatzaile lanetan.