Erradiografia eta antidotoa, gaixorik dagoen hizkuntza biziberritzeko

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 23a

Jon Sarasua irakaslea eta Josu Albero Naziogintzako kidea, hainbat lagun aurrean dituztela. (Naziogintza)

Naziogintza taldeak antolatuta, Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaileak hitzaldia eskaini zuen atzo Basazabalen. Euskarak bizi duen bidegurutzean, ponentzia bat ondu dute hainbat adituk, eta haren xehetasunak eman zituen. Halaber, euskara biziberritzera bidean erakundeek, euskalgintzako eragileek nahiz komunitateak badituzte erronkak. Kezka garaietan apustua egin behar dela uste du Sarasuak.

Naziogintza taldeak antolatutako Euskara bidegurutzean hitzaldi zikloko aurreneko hitzordua izan zen atzo Basazabal jauregian. Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaile eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak eskaini zuen solasaldia, eta aretoa jendez leporaino bete zen. Euskararen biziberritze prozesuari buruzko lan mardula ari da egiten azken hiruzpalau urteetan Sarasua, beste hainbat kiderekin batera, eta hain zuzen ere, solasaldia baliatu zuen orain arte egin eta hausnartu dutena plazaratzeko.

Haren hitzetan, euskararen egoerak kezkatuta, duela urte batzuk ikusi zuten gaiari heldu beharra zegoela. "Ikusten genuen euskararen estrategiak birpentsatu beharra zegoela. Izan ere, beste hogei urte pasatu ditzakegu horrela, baina estrategia berriak pentsatu behar dira", adierazi zuen. Soziolinguistikan zebilen lagun talde bat biltzen hasi zen gaian sakontzeko, eta erabaki zuten Euskaltzaindia izan zitekeela altzo egoki samarra halako gogoeta bat egiteko. "Lurralde denetan dago, 100 urtetik gora ditu, gorabehera politikoetan igeri egiten jakin du –ez beti ondo–, alderdi politiko denekin elkarrizketatzen da –abertzaleekin, UPNrekin, PSOErekin...–...".

Euskararen etorkizun ikuspegia izeneko ponentzia lantzen hasi zen Euskararen Gogoetagunea proiektuaren lantaldea, eta metodologia zehaztuta, askotariko sentsibilitateetako jendeari arlokako lanketak eskatzen hasi ziren. Euskararen iraganeko egoera aztertu dute, gaur egun gertatzen ari dena ulertzeko eta etorkizunerako estrategiak diseinatzeko. Estrategiak finkatzerako, baina, bisioa zehaztu zutela azaldu zuen Sarasuak. "Ez dugu jaso soilik non egon nahi genukeen hemendik 25 urtera. Izan ere, posible dela uste dena ere jaso behar du bisioak. Konbergentzia da".

Garbi utzi nahi izan zuen hizkuntzekin munduan gertatzen ari dena "dramatikoa" dela, inork ez dakielako hizkuntzak biziberritzeko zer egin. Dena den, azpimarratu zuen, munduan 100 urteotan galtzen egotetik funtzio garrantzitsu batzuetan buelta eman dioten hizkuntzak oso gutxi direla, eta horietako bat euskara dela.

Non dago euskara?

Gaur egungo egoeraz aritzerako, duela 60 urte euskarak izan zuen pizkundean jarri zuen arreta. Haren aburuz, sotanarekin eta bakeroekin zebiltzanak elkar ulertzetik etorri zen ziklo hura: "Bi belaunaldiren elkarlanetik eta kontzientzia hartzetik sortu zen pizkundea. Esnatze bat izan zen, ametsa forma hartzen hasi zen. Mezua ez zen 'euskara zeinen polita eta zaharra den' edo 'zapaldu egin gaituzte'. Kontakizun berria sortu beharra zegoen: 'Hizkuntza zaharra berrituko dugu'. Halaber, euskara bazen herri justuago eta libreago baten garraiolaria".

Orain euskara "momentu kezkagarrian" dagoela baieztatu zuen, "momentu delikatu batean bai behintzat", haren hitzetan. Sarasuak euskararen gaur egungo egoera landu du ponentzian, eta uste du egoera halakoa izanik ere, diskurtsoa zaindu egin behar dela: "Oso erraza da larrialdian gaudela esatea, baina inor ez da apuntatzen hondoratzen ari den itsasontzi batera, beraz... Matizatu egin behar da. Hala ere, euskalgintzak badu kezkatzeko motiborik, eta krisi batean gaudela esan egin behar da".

Horretan ezintasun "estrukturalak" eragin duelakoan dago, hizkuntza politika propioak egiteko estaturik ez izateak eta zatikatutako lurraldea izateak, kasu. Gainera, XXI. mendeko aldaketek ere berea egin dutelakoan dago: "Gizarte motaren aldaketak eragin du: indibidualista da gizartea gaur egun, lotura komunitario ahulekoa, beste konpromiso mota batzuk dituena... Teknologia aldaketak ere eragin du; izan ere, horrek ekarri du kontsumoaren zatitzea, bakoitza bere pantailarekin egotea, eta ondorioz, familiak zatituta. Eta migrazio prozesuak ere etorri dira; gai hori oso potoloa eta konplexua da". Sarasuaren aburuz, beldurra dago gai horiez hitz egiteko: "Hitz egiteko askatasuna ere galdu dugu, baina hasi beharra dugu pentsatzen dugunaz zintzoki eta aske hitz egiten".

Dena den, euskarak dituen gauza onak ezkutatzea ez dela egokia esan zuen hark, bai baitauzka alde onak ere. "Gobernutik kanpo zaudenean azpimarratu behar izaten da zer gaizki egin diren gauzak. Ez gara gai gure posizio politikotik kanpo pentsatzeko, baina egin behar dela iruditzen zait. Izan ere, gauza asko egin dira ondo gizartean eta erakundeetan. Bagara eredua ere; izan ere, azken hamarkadetan euskararen ezagutzak gora egin du, euskaraz ondo idazteko gai direnen hazkundea esponentziala da eta euskararen aldeko jarrera –lurralde inportante batzuetan– indargunea da". Hark, gainera, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak esandakoa ekarri zuen gogora: "Hark esaten du euskalduna, oro har, bere hizkuntzarekin leiala dela, eta hala da".

Eta euskararen eragiletza?

Faktore zahar eta berri kezkagarri hainbat daudela esan zuen Sarasuak, eta aipatu zituen horietako batzuk, hala nola euskararen erabilera datuak behera egin izana, arnasguneak ahuldu izana, euskal telebistaren audientzia datuen beherakada... "Denok arnasten ditugun datu kezkagarri asko daude", haren ustez.

Dena den, bada kezkagarria den beste zera bat ere, haren ustez: euskararen eragiletzaren egoera. "Kezka sortzen dit 80ko hamarkadako eskeman ote gauden ikusteak. Gobernua alde batetik, eta bestetik euskararen erakundeak eta enpresak. Egoera nahiko blokeatuta dago, interesak baitaude. Baina zintzoak izan behar dugu, eta interesez hitz egitea da zintzoa izatea. Zer interes sare dago erakundeetan, alderdietan, euskalgintzako eragileetan, enpresetan...? Astindua ez dute behar erakundeek soilik, denek baizik".

Hark xeheago eman zituen azalpenak, eta esan zuen euskalgintzan "zilborkeria gaindosia" dagoela. "Badago joera bat enpresek eta erakundeek euskararen zilborra direla pentsatzekoa, baina euskalgintza egiten duten denek elkarri entzuteko momentua da. Eragiletza sistemari astindua emateko unea da". Dena den, egoera horri ikusten dio alde onik ere. "Ari gara ondo ez goazen kontzientzia hartzen, eta hori ikusi dut alderdi politiko garrantzitsuenetan. Zeren esan zezaketen egin dutena izugarria izan dela eta listo. Gaia badago Euskal Herriko hiru alderdi garrantzitsuenen mahaian, eta bereziki kontzientzia handia dute bi alderdi abertzale garrantzitsuenek". Sarasuak zalantza du borroka armatuaren zikloaren bukaeraren "potentzial onak" aprobetxatzen ari ote den gizartea. "Geometria berriak egiteko aukera potentziala dago, eta ez dut uste pilota alderdi politikoen teilatuaren gainean soilik dagoenik. Komunitatean ere bada zer berritu".

Aritzeko arloak, hainbat

Gizarte politiketarako sei jauzi arlo proposatu dituzte Euskararen Gogoetagunearen ponentzian. Zehaztu dute dagoeneko euskararen biziberritzean eragiteko politikak zer arlotara bideratu behar liratekeen: corpusera –hitanoa bultzatu, euskalkiak batuarekin nola artikulatu...–; kulturgintzara; administraziora –EAEn osasun sistema, Ertzaintza...–, teknologien inguru digitala –adimen artifiziala...–, helduen euskalduntzea –mekanismoa aldatu beharko da, lan arlora jauzia egin eta migrazioan sakondu– eta etorkinen harrera linguistikoa sistematizatu.

Halaber, sei jauzi arlo ere zerrendatu dituzte, datozen urteetan eragiteko eremuak izan daitezkeelakoan: lan eremua –euskaldundu egin behar da–, aisialdi antolatua –asko eragin dezake gazteengan eremu hori euskalduntzeak–, hezkuntza arautua –birmoldaketa behar du–, hedabideak –80ko hamarkadako eskemetan daude–, eta elementu zeharkatzaileak diren arnasguneak –politika integrala behar dute– eta dentsitate guneak edo euskararen gune hegemonikoak. Sarasuak azaldu duenez, ponentzia egiterako bazuten arnasguneen gaineko kontzientzia, baina horien "estrategikotasun handiaz" are kontzientzia handiagoa dute orain.

Haren ustez, estrategia ausart berrien aurrean oztopoak sortuko dira, alde guztietatik, "interesak" daudelako jokoan. "Eskuzabaltasun handia dago jokoan. Denok pentsatu behar ditugu gauzak", esan zuen. Ponentziak, oro har, harrera ona izan duela adierazi zuen, nahiz eta beldurrak ere agertu diren, interesak tarteko. Hark dioenez, baina, etorkizuneko euskararen politika ezin da pentsatu interes denak kontuan hartuta edo erdian jarrita. "Gauza asko pentsatu behar dira, baina has gaitezen euskara ondo dagoen lekuan zaintzen. Gainera, kalitate handiagoko euskaldunen bila jo behar dugu; kantitatea ondo dago, baina euskaldun sakonagoak bilatu behar ditugu, eta hori arnasguneetatik sortu behar da. Euskaldunak izan behar du kultura propio baten eremu sinboliko gorpuztua, kultura baten garraiolaria".

Horri lotuta, ezagutza unibertsilizatzea bigarren mailan utzi behar dela uste du Sarasuak, horrek ez baitu dena konpontzen. "Ezin duzuna lortu ezin da jarri helburutzat. Egin ditzakegun gauzak egin behar ditugu. Euskal hiztunen nukleo sendo bat izan dezakegu 25 urtera? Bai. Eta hizkuntza unibertsalizatzeko bidea egingo al dugu? Bai, baina ez dugu frustratu behar bidean".

Hizkuntza politika eta komunitate estrategia

Euskara larrialdian dagoela eta behera egiten has daitekeela, hizkuntza politiketan aldaketa sakonik ez bada. Hori esan izan dela aipatu zuen Sarasuak, baina haren ustez, ez da nahikoa hizkuntza politikak soilik aldatuta: "Hizkuntza politikekin batera, komunitate estrategiak daude. Instituzioek egin behar dute hizkuntza politika, bai, baina ez da hori bakarrik behar. Kontua ez da gu ondo ari garela, eta politikan gaizki ari direla. Behar dira hizkuntza politikak, baina komunitate estrategia ere bai":

Haren ustez, hizkuntza berritzeko estrategia asko behar dira: behar dira gizarte politikak eta hizkuntza komunitatearen estrategiak. "Lurralde bateko mugetan sartzen diren pertsona guztiak dira gizartea, eta komunitatea da zerbait komuna dutenen multzoa. Ondorioz, soziolinguistikan hizkuntzak ez dira ulertzen ez baditugu ulertzen zer diren hizkuntza komunitateak. Frankismoan ikastolak sortzea hiztun komunitatearen estrategia izan zen, esaterako. Lurralde zatikatua garenez, hiru lurraldeetako gizarte politikak eta hizkuntza komunitatearen estrategia zeharkatzailea beharko ditugu Euskal Herrian".

Komunitate estrategiak ere bultzada behar duelakoan dago Sarasua; izan ere, haren ustez, euskararen aldeko adostasuna ez dago gizarte mugimendu bezala ondo eratuta. "Orain ditugun eragile horiekin guztiekin batera baina aparte euskararen gizarte mugimendua behar dugu. Izan ere, Korrika AEKrena da, Kilometroak ikastolena... Batzuenak dira horiek. Euskalgintzaren Kontseilua konglomeratu bat da, baina ez da masa mugimendu bat, eta pentsatu behar dugu masa mugimendu bat antolatzeko beharra al daukagun, euskaraz haratagoko mezu batekin", erantsi zuen.

Sarasuak uste du badela masa mugimendu bat sortzeko garaia. "ETAren garaian zailagoa zen gauza transbertsalak sortzea, estrategia armatuak dakartzan ondorioengatik eta zatiketagatik, baina uste dut orain badagoela masa mugimendu bat sortzeko lekua. Zer behar dira? 40.000 bazkide. Zertarako? Herri egiten gaituzten zuntzak batzeko". Euskararen Gogoetaguneko koordinatzailearen ustez, euskara biziberritzeko garaia ez ezik, eratzeko garaia ere bada. "Heredatutako gauzekin ari gara, eta behar ditugu horiek, dagoen dena eskertu behar dugu, baina bada marjina bereziki komunitate dinamikan zerbait sortzeko. Katalunian badaude halakoak: Omnium eta ANC, esaterako". Herri moduan kezka badenez, kezka garaietan apustuak egin behar direla uste du Sarasuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide