Deñe Garcia Bravo urrestildarrak eta Mikel Balerdik bi sari jaso zituzten atzo Huhezinema jaialdian, Olaberrian (Gipuzkoa) 1936ko gerra piztu berritan fusilatu zituzten bi lagunen historiatik abiatuta ondutako Eraman zutela dokumentalari esker.
Sail ofizialean finalisten artean izan da lan hori, eta hain zuzen ere, Ikusleen saria eta epaimahaiaren Huhezinema saria eskuratu dituzte bi sortzaileek. Atzo jaso zituzten sariak Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arkupe aretoan egindako sari banaketa ekitaldian.
Huhezik, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak, 2008an jarri zuen martxan Huhezinema jaialdia. Harrezkero, urtez urte egin dute egitasmoa; aurtengoa 19. edizioa izan da.