"Kultura antifaxista zabaldu eta eskubide politikoen defentsarako gaitasunak biderkatu behar ditugu"

Maialen Etxaniz 2026ko urtarrilaren 28a

Iosu Mendiluze eta Elias Mendinueta. (Maialen Etxaniz)

Gaztetxearen urteurreneko auzian ikertutako gazteak gaur hasiko dira deklaratzen. Horren atarian, Iosu Mendiluze eta Elias Mendinueta Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideekin elkartu da Guka. Azpeitian irekita dauden bi auziak zertan dauden azaldu eta egoeraz egiten duten irakurketa partekatu dute, besteak beste.

Azpeitiko Gaztetxearen urteurrenaren egunean, uztailaren 20an, izandako istiluen harira ikertutako 23 gazteak deklaratzen hasiko dira gaur (10:00). Kasu horretan auzipetutako kideen nahiz 2024ko apirilean Voxen aurka protesta egiteagatik auzipetutako 20 herritarren alde elkartasuna antolatzeko jarri zuten martxan Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma zenbait norbanakok eta auzipetuk. Taldeko kideak dira Iosu Mendiluze eta Elias Mendinueta, ikertuetako bi, eta haiekin jarri du hitzordua Gukak. Elkarrizketa hasterako, munduan gertatzen ari denaz ari dira solasean elkarrizketatuak. "Zerbaitegatik diogu gureak ez direla kasu isolatuak", diote. 

Abenduan aurkeztu zenuten plataforma. Zer balorazio egiten duzue egindako lanaz eta jasotako babesaz?

Iosu Mendiluze: Oso pozik gaude. Abenduan ehunka lagun atera ginen kalera errepresioaren eta faxismoaren aurka, azken urteotan Azpeitian egin den mobilizazio jendetsuenetako batean. Emandako babesa eskertu behar diegu egunerokoan gure alboan egon direnei, Laguntza Sarean jardun dutenei, propaganda lanetan aritu direnei eta manifestaziorako deia egin zuten taldeei. Ikusi zen Azpeitian badagoela sentipen antifaxista zabalduta, eta guk hori bultzatzen jarraituko dugu. Dena den, jarrera antifaxista gorpuztu egin behar da txoko guztietan: lantegietan, kalean, ikastetxeetan, soziedadeetan...

"Herriko babesak indar handia eman digu, eta sentitzen dugu ez gaudela bakarrik"

Gaur hasiko zarete deklaratzen uztailaren 20ko auzian inplikatutako kideak. Nola zaudete? Zein da egoera?

I.M.: Lasai gaude, plataformak horretan lagundu digulako. Herriko babesak indar handia eman digu, eta sentitzen dugu ez gaudela bakarrik. Gainera, hainbat baliabide lortu ditugu auziari aurre egiteko, ekonomikoak nahiz juridikoak. Gaur hasiko gara deklaratzen, eta otsailean amaituko dugu deklarazio prozesua 23 kideok. Oro har, gehienoi desordena publikoa eta autoritatearen aurkako atentatua egotzi nahi digute. Badago desordena soilik egozten dioten kide bakarren bat. 

Voxeko auziak oihartzun txikiagoa izan du hedabideetan, baina izan ditu gorabeherak epaitegietan, ezta? Zertan da kasua uneotan?

Elias Mendinueta: Bai, horrela da; gorabehera batzuk egon dira prozesuan. Azpeitiko Epaitegiak delitu arin bezala kalifikatu zituen gertaerak hasiera batean. Horrek esan nahi du egotekotan zigor txikiak egongo zirela, eta epaiketa azkar batekin bukatuko zela auzia. Horren kontra, ordea, Vox alderdiak errekurtsoa ezarri zuen Donostiako Auzitegian, eta azken horrek testigantza gehiago biltzea agindu du, zehazki, Voxeko hiru kiderenak. Ondoren, Azpeitiko Epaitegiak erabakiko du ea kasuak delitu arin kalifikazioarekin jarraituko duen edo delitu larriak gertatu ziren. Lekuko horien deklarazioa jaso ondoren iritsiko da epailearen erabakia.

Orduan, ez zen istilu bat fokuan jarri zutena, mobilizazio bat baizik. Zer iritzi duzue hortaz?

E.M.: Bai, kasu horretan zuzenean mobilizazioa bera zigortu nahi izan zuten. Hori da Voxen jarrera Espainiako Estatu osoan. Edozein aitzakia erabiltzen dute beldurra zabaltzeko eta kaleak beraienak balira bezala aritzeko. Orduko hartan entzun behar izan genuen haien jokoan erortzen ari ginela haien aurka egiteagatik, baina argi daukagu faxisten diskurtsoa eta presentzia ezin direla normalizatu, ez gure herrian eta ez inon. Vox, Desokupa, Nucleo Nacional edo Frente Obrero oligarkiaren programa gauzatzeko baleko tresnak dira, ideia faxistak oinarri dituztenak, eta kalean gelditzen ez baditugu, etxeraino sartuko zaizkigu, historiak hainbatetan erakutsi bezala. Azpimarratzen dugu faxisten aurkako antolakuntza eta klase elkartasuna indartu behar direla eremu guztietan. 

"Vox alderdiak errekurtsoa ezarri zuen Donostiako Auzitegian, eta azken horrek testigantza gehiago biltzea agindu du"

Uztailera itzulita: hedabideek, polizia sindikatuek nahiz zenbait alderdi politikok zabaldutako bertsioa gezurtatu zenuten, "muntaia" gisa hartuta. Denbora pasatuta, esandakoa berresten al duzue? 

E.M.: Olatu errepresibo orokorraren barruan kokatu genuen gertatutakoa, eta gaur egun, egindako irakurketa berresten dugu. Izan ere, gero eta agerikoagoa da olatu erreakzionario faxista badatorrela. Voxekoen etorreraren auziari lotuta isiltasuna izan da nagusi; oro har, apenas izan du oihartzunik. Aldiz, Gaztetxeko urteurrenean gertatutakoek izugarrizko lekua hartu dute hedabideetan eta alderdien ahoetan, pintaketa ziztrin batengatik. Beraz, berresten dugu egindako irakurketa, garbi baitago halako zalapartarik ez zela egongo norbaitek hala erabaki izan ez balu. Interes partidistei erantzuten dien muntaia mediatikoa izan da, boto miserable batzuen truke. 

I.M.: Gazteria antolatua da azken boladan kriminalizazioa bortitzen jasaten ari dena, eta hor kokatzen dugu uztailaren 20ko gertakaria. Izan ere, estatuaren aparatu errepresiboen jopuntuan egon gara hasieratik. Orain, eskuina errelato tranpatiak hedatzen ari da, segurtasun faltaren, etorkinen edota erreakzioari kalean aurka egiten diotenen aurkako ideiak zabalduta. Horren helburua argi dago: Ertzaintzaren eta poliziaren barruan dauden sindikatu erreakzionarioen lan baldintzak hobetzeko eta errepresio mekanismo gehiago eskatzeko diskurtsorako oinarriak jartzea. Ez da kasualitatea Azpeitiko gertakarietatik aste gutxira Esan sindikatuak kontzentrazioa egin izana gomazko pilotak eta taserrak berriz erabiltzeko eskumena aldarrikatzeko. EAJ, berriz, errelato horren bozgorailu rola hartzen ari da, EH Bildurekin duen lehia elektorala tarteko. 

Iosu Mendiluze eta Elias Mendinueta, plazan. (Maialen Etxaniz)

Bi prozesuak bertan behera uzteko exijitu duzue. Hori posible al da? 

I.M.: Epaitegiak toki arrotzak dira ikerketapean gauden gehienontzat. Jakinekoa da, ordea, nolakoak diren botere judizialaren atzaparrak. Defentsa on bat prestatzeaz, elkartasuna antolatzeaz eta datorrenari erantzuteaz harago, ezer gutxi egin dezakegu guk. Ikerketa geratzeko moduetako bat da errepresioa erabiltzen dutenen errelatoa gezurtatzea, borrokatzea eta haiei jokaldia etxekalte ateratzea.

E.M.: Posible izango da baldin eta gai bagara mobilizazio eta elkartasun olatu handi bat sortzeko. Hedatzen ari den errelato erreakzionario eta faxistari buelta eman behar diogu. Zentzu horretan baikorrak gara, plataformarekin bidea irekitzen ari garelako.  

Euskal Herrian hainbat auzi daude irekita: urriaren 12koa, Vueltakoa, Sopelakoa... Forma berriak hartzen edo indartzen ari al da errepresioa?

I.M.: Argi dagoena zera da: errepresio mekanismoen garapena ematen ari dela bi zentzutan. Alde batetik, zentzu politikoan, bereziki langile klasea kolpatuz; esaterako, Mozal Legearekin, Okupazio Legearekin edota zenbait antolakunde politiko talde kriminal gisa kalifikatuta. Isunak gogortuta langileen ekonomia kolpatzen dute edo etxerik ez duena kale gorrira kondenatzen dute; gure adierazpen eta eskubide politikoen aurka ari dira une oro. Bestetik, garapen teknologikoa ari dira baliatzen. Nabarmena da kontrol mekanismoak indartu dituztela: segurtasun kameren bitartez, sakelako telefonoen bidez edota, Gaztetxeko auzian bezala, polizien uniformeetako kameren bidez. Ertzain bakoitzak bere kameratxoa zeukan, baina guk ezin genituen haiek grabatu, Mozal Legea tarteko. Gainera, gero eta gehiago erabiltzen dituzte droneak. Betiko mekanismoek hor diraute, eta berriak ezartzen ari dira.

E.M.: Indartzen ari da, eta are indartsuagoa izan daiteke mundu mailako tendientzia ikusita. Dena den, badirudi kaltetuen plataformak eta taldeak sortzen ari direla herrietan. Guk dagoeneko lehen harremanak izan ditugu hainbat auzitan ikertutakoekin, elkartasuna azaltzeko eta antolakuntza esperientziak trukatzeko. 

Azpeitian bakarrik ez, Euskal Herritik harago zeneukaten begirada elkarrizketa hasterako. 

I.M.: Bai, noski. Herrian bizi gara, baina herritik harago ere eduki behar da begirada, horrela soilik uler baitaiteke ongi gurean gertatzen ari dena. Errepresioa ez da hemen eta orain gertatzen ari den zerbait soilik. Atzo eta han ere bazegoen. Esaterako, Erresuma Batuan, Palestina Action antolakundeko militante bati babesa adierazteagatik 86 lagun atxilotu dituzte; AEBetan, beldurgarria da egoera: Minneapolisen, gutxienez bi pertsona hil ditu Immigrazioko Poliziak aste gutxiren buruan. Protestak isiltzea dute xede, desmobilizazioa bilatzen dute, iraultzailea den proposamen edo antolakuntza forma oro suntsitzea eta kriminalizatzea. Hor kokatzen dugu gure kasua; beldurtuta eta sakabanatuta nahi gaituzte.  

Orain epaitegietarako txanda den arren, zein dira plataformaren asmoak aurrera begira? 

E.M.: Egoeraren urgentziaz eta inposatu nahi diguten mundu ikuskera faxistaz jabetuta, kultura antifaxista eta eskubide politiko eta sozialen defentsarako gaitasunak biderkatu behar ditugu, eta norabide horretan egingo dugu lan. Zapatuan, Bilbon mobilizatuko gara, eta herrian, orain arte bezala, kontzientziazioa eta elkartasuna lantzen jarraituko dugu.

I.M.: Datozen egunetan izango duzue gure berri, lehen deklarazioen harira. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide