Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma sortu dute, auzipetutako 43 herritarren alde elkartasuna antolatzeko

Maialen Etxaniz 2025eko abenduaren 14a

Hainbat herritar eta auzipetu, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformaren aurkezpenean.

Vox-en kontra protesta egiteagatik eta Gaztetxearen urteurrenaren egunean izandako istiluengatik 43 azpeitiar daude auzipetuta, prozesu judizial desberdinetan. Besteak beste, horien alde "elkartasuna antolatzeko eta errepresioaren aurkako aldarriak herriratzeko" sortu dute Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma hainbat norbanakok eta auzipetuk. Lehen urrats gisa, manifestazioa deitu dute abenduaren 27rako, Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna lelopean. Mobilizazioa 19:00etan hasiko da Azpeitiko plazatik.

Martxan dauden prozesu judizialen aurrean "elkartasuna antolatzeko" xedez, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforma sortu dute. “Egoeraren larritasunak bultzatuta” eratu dute plataforma hainbat norbanakok eta auzipetuk; izan ere, Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarraren aurka protesta egiteagatik eta Azpeitiko Gaztetxearen urteurrenaren egunean izandako istiluen harira, 43 azpeitiar daude auzipetuta prozesu judizial desberdinetan. Hain zuzen, 20 lagun daude ikertuta Vox-en auzian, eta 23 herritar uztailaren 20ko istiluen harira. Bi kasuen inguruko irakurketa egin du Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak, eta errepresioaren aurka mobilizatzeko deia egin du.

Vox-eko auziari erreferentzia eginda, plataformako kideek adierazi dute "faxismoaren hedapena errealitate ukaezina" dela gaur egun, eta "inpunitate osoz" esku hartzen duela kaleetan. Horren aurrean, faxismoaren aurka antolatzeko eta borrokatzeko "beharra eta zilegitasuna" aldarrikatu ditu. Izan ere, plataformako kideen arabera, "ezin dira inolaz normalizatu" balio faxistak: "Ideia arrazistak, indarkeria matxistaren ukapena, euskararen kontrako jarrera zapaltzaileak, langileriaren eskubideen kontrako neurriak edota frankismoarekiko atxikipena dira Vox bezalako mugimenduak ezaugarritzen dituztenak, eta horiek ezin dira inolaz onartu eta normalizatu". Vox-ek hauteskunde delitua, gorroto delitua, mehatxu delitua eta hertsatze delitu larria leporatuta aurkeztu zuen hogei herritarren aurkako salaketa, iaz. Deklarazioak amaituta, oraindik ikusteko dago fiskalak auzibidearekin aurrera egin edo artxibatzea erabakiko duen.

Gaztetxearen 20. urteurrenaren testuinguruan izandako istiluen harira, "errotulagailu batekin edukiontzi batean pintaketa egitea aitzakiatzat hartuta egindako muntaia" salatu du plataformak. Era berean, istiluak jazo osteko egunetan hainbat hedabidek auziari emandako trataera jarri du jopuntuan, eta "muntai mediatiko izugarria" izan zela nabarmendu dute bertako kideek. "Goizeko ordu txikitan, minutu gutxiren bueltan, Azpeitiko Alde Zaharra ertzainez bete zen, eta hamarnaka gazte jazarriak eta kolpatuak izan ziren. Gertakari horien aitzakiapean muntaia mediatiko izugarria egin zuten hainbat komunikabidek hurrengo egunetan eta asteetan, herriko gazteria kriminalizatzeko helburuarekin". 

Plataformako kideek jakinarazi dutenez, uztailaren 20an izandako istiluen harira auzipetutako gazteek urtarrilean eta otsailean zehar deklaratuko dute epaitegietan. Ikertutako pertsonei desordena publikoen delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatzen dizkiete. 

Bi prozesu, hiru aldarri

Plataformako kideen aburuz, aipatutako bi prozesu judizialak "ez dira kasu isolatuak". Kontrara, uste dute "oinarrizko eskubideak urratu eta adierazpen, antolakuntza eta protesta-askatasunak zigortzen dituen eredu errepresibo baten parte" direla, "estatuaren eta indar polizialaren egiturazko izaera autoritarioa agerian uzten dutenak", gainera.

Ideia hori gizarteratzeko eta "prozesu judizialen aurrean elkartasuna antolatzeko" egingo du lan Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak, hiru aldarri zehatz oinarri hartuta. Alde batetik, "herriko pertsonen eta kolektiboen aurkako jazarpen eta presio poliziala" gaitzetsiko du plataformak. Bestetik, "beldurra eta desmobilizazioa sortzea helburu duten muntaia mediatikoak eta kriminalizazio kanpainak" salatuko ditu, eta, azkenik, "estatuak faxismoarekiko duen konplizitatea eta antifaxisten aurkako errepresio sistematikoa" salatuko du.

Mobilizazioa eta babes sarea

Taldeko kideek adierazi dutenez, haien helburua da “auzipetuak izaten ari diren guztiak babesteko, adierazpen, antolakuntza eta protesta eskubideak defendatzeko eta elkartasuna antolatzeko” plataforma izatea. Lehen urrats gisa, manifestazioa deitu dute abenduaren 27rako, Errepresioaren aurrean, klase elkartasuna lelopean. Mobilizazioa 19:00etan hasiko da Azpeitiko plazatik.

Plataformaren inguruko xehetasun gehiago nahi dituzten herritarrei eta lagundu nahi dutenei zuzenduta, laguntza sarea jarri dute martxan. Horren hurrengo hitzordua abenduaren 19an izango da, 18:30ean, Azoka Plazan. Halaber, kasuek eragindako kostu ekonomikoei aurre egiteko egitasmoak ere jarriko ditu martxan plataformak. 

Bi auziak, motzean

2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan, Vox alderdi ultraeskundarrak informazio mahaia jarri nahi izan zuen Azpeitian. Poliziak eskoltatuta iritsi ziren Vox-eko bederatzi ordezkari herrira, baina "faxistak kanpora!" oihuen artean alde egin zuten minutu gutxi batzuren ostean, haien aurkako protesta tarteko. Protesta horiei lotuta, hogei pertsonaren aurkako salaketa aurkeztu zuen Vox-ek, eta Azpeitiko epaitegian deklaratu zuten horiek. Hainbat erreakzio eragin zituen gertatutakoak, eta Kontseilu Sozialistak zein EH Bilduk babesa agertu zieten ikertutako herritarrei. 

2025eko uztailaren 20ko goizaldean istiluak izan ziren Plaza Txikiaren eta Enparan kalearen artean. Ertzaintzak Urola kaleko pilentzako edukiontzi batean ACAB [All Cops Are Bastards ingelesez, "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz] idatzi zuen herritar bat identifikatu zuen, eta haren segidan hasi zen dena. Udaltzaingoaren Plaza Txikiko egoitzara joan ziren hainbat lagun gertatutakoagatik protesta egitera, eta udaltzainek Ertzaintzari eskatu zion laguntza. Orduan hasi ziren istiluak, ertzaintzaren agenteak agertu zirenean, eta pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak; aske utzi zuten gero. Istiluen ostean erreakzio soka iritsi zen. 

Ertzaintzak "istilu larriak" izan zirela adierazi zuen, eta gertakari horien ondorioz bi ertzain zauritu zirela. Gaztetxeak, bere aldetik, hedabideetan zabaldutako bertsioa gezurtatu zuen. Hori horrela, Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen eta, istiluak izan eta hiru astera, abuztuaren 7an, Ertzaintzak 16 urteko gazte bat atxilotu zuen Azpeitian. Zarauzko ertzain etxera deitu zuten atxilotutako herritarra, eta eginbideak gauzatu ondoren, aske utzi zuten. Atxilotuarekin batera, beste hamar pertsona ere ikertu zituela jakinarazi zuen orduan Ertzaintzak, eta handik aste batzuetara, hamar haiez gain beste 11 ere ikertu zituela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide