Herritarrak Zaintza Mahaian parte hartzera animatu ditu udalak

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 10a

Iazko irailean egindako zaintza topaketako parte hartzaile batzuk. (Azpeitiko Udala)

Zaintza Plana diseinatzeko unea da. Plan hori izango da datozen urteetan jarraitu beharreko bide orria. Hori osatzeko ahalik eta ahots gehien jasotzea nahi du erakundeak, "herritarren beharrei erantzungo dien plan bat izateko". Otsailaren 18rako deitu dute Zaintza Mahaiaren hurrengo bilera, 12:00etan, San Martin egoitzan.

"Azpeitia herri zaintzailea" izateko helburu hartuta, Zaintza Mahaia eratu zuen iazko udaberrian Azpeitiko Udalak. Udazkenean, zaintzen errealitatearen diagnostikoa egin eta jendaurrean aurkeztu zuen, baita herriko zaintza baliabideen berri eman ere beste saio ireki batean. Orain, berriz, Zaintza Plana diseinatzeko garaia dela adierazi du udalak, eta hori osatzeko prozesuan herritarrak parte hartzera animatu ditu. "Zaintza Mahaia arduratuko da planaren lanketaz, eta mahai hori sortuta dagoen arren, ahalik eta ahots gehien biltzea nahi da. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditugu bertan parte hartzera", adierazi du udalak.

Zaintza Mahaian parte hartzeko, ez da aparteko ezagutzarik behar, "zaintzei buruzko interesa izatea" nahikoa da, Azpeitiko Udalaren arabera. Nabarmendu dute herritarren beharrei erantzungo dien plan bat egin nahi dutela, eta horretarako, ahalik eta ordezkaritzarik zabalena izatea komeni dela plana osatzeko orduan.

Otsailaren 18an (asteazkena) izango da Zaintza Mahaiaren hurrengo bilera, 12:00etan, San Martin egoitzan. Bilkura horren inguruko informazio gehiago nahi dutenek edota bilerara joaterik ez dutenek eta ekarpenak edota proposamenak egin nahi dituztenek Udal Gizarte Zerbitzuen bulegora jo dezakete, telefonoz 943-15 71 92 telefono zenbakira deituta edota mezu bat bidali gizarte@azpeitia.eus helbide elektronikora. 

Zaintza Plana diseinatzeko momentua "fase erabakigarria" da, udalaren arabera. "Azpeitia herri zaintzaile izateko helburuari jarraituz, zaintza plan hori izango delako datozen urteetan jarraitu beharreko bide orria". Ekintza plan bat osatuko dute, non jasoko duten datozen urteetan zaintzen arloan zer gauza zehatz egin nahi diren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide