Inauteriak 2026

Astelehen Karnabalerako aldaketak iragarri ditu udalak, eguraldi iragarpena dela eta

Mailo Oiarzabal

2025eko Astelehen Karnabal eguerdiko mozorro desfilea. (Aitziber Arzallus)

Guztiz baztertu gabe, baina ez dirudi umeen desfilea egingo dutenik; Izarraitz pilotalekuan egingo dute eguerdiko mozorro festa. Gauean, berriz, DJak zein lehiaketaren sari banaketa Sanagustin kulturgunean izango dira. Jai Karnabalean artzai-inudeetarako B plana ere prest dute, behar izanez gero. Astearterako, aldiz, ez dute moldaketarik aurreikusi.

Gaurko Euskal Inauterien jaialdia ez da aurtengo karnabaletan aldaketak ezagutuko dituen ekitaldi bakarra. Eguraldiaren iragarpenak baldintzatuta, Astelehen Karnabaleko jai egitarauan ere hainbat moldaketa egingo dituela iragarri du Azpeitiko Udalak; eta, printzipioz, Jai Karnabalerako euri handirik espero ez den arren, Itsasiko artzain-inudeen kalejiran (12:30) gerta daitekeen balizko aldaketa baten berri ere eman du: "eguraldia okertzen bada", Erdikaletik Frontoi Txikira joango dira zuzenean artzain-inudeak eta segizio osoa.

Baina Astelehen Karnabalerako espero dira datozen egunetako euri jasa handienak, eta neurriak aurretik hartzea erabaki du udalak. Horrela, guztiz baztertu gabe, baina ez dirudi umeen desfilea (12:30) egingo dutenik: Izarraitz pilotalekuan egingo dute eguerdiko mozorro festa, Gora bihotzak ikuskizuna ere hantxe izango da, eta gozokiak ere pilotalekuan banatuko dituzte. Iluntze-gaueko egitarauan plazan egitekoak ziren ekitaldiak, berriz, Sanagustin kulturgunera aldatuko dituzte: han egingo dituzte beren emanaldiak Davila eta Oihan Vega DJek (19:30-22:00), eta mozorro lehiaketaren sari banaketa ere Sanagustinen egingo dute aurten (23:00).

Momentuz eta "printzipioz", Astearte Karnabaleko egitaraua da bere horretan geldituko den bakarra.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide