1.500 euroko gutxieneko soldataren alde mobilizatzeko deia egin dute hainbat sektoretako herritarrek

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 25a

Sektore ezberdinetako herritarrek parte hartu zuten agerraldian. (Andoni Elduaien)

Zenbait sektoretan lan egiten duten herritarrek agerraldia egin zuten atzo Azoka Plazan, martxoaren 17rako Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituta duen greba orokorrerako deialdiari atxikimendua adierazteko. Euskal Herriko "errealitatera egokitutako gutxieneko soldatak" behar direla adierazi zuten. Grebarekin bat egiteaz gain, egun horretarako deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. 

Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezar dadin eskatzeko, Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra du deituta martxoaren 17rako. Azpeitian ere hasiak dira egun horretarako prestatzen, eta atzo, asteartea, agerraldia egin zuten sektore ezberdinetan lan egiten duten ordezkariek eta norbanakoek. Besteak beste, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak, Mugimendu Feministako kideak, elkartasunaren alorrean dabiltzanak, euskaltzale mugimendukoak, lehen sektorekoak, merkatariak, tabernariak, kirolariak eta talde politiko ezberdinetakoak elkartu ziren Azoka Plazako gela nagusian. 

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitutako greba deialdiarekin bat egin dute sektore horiek guztietako ordezkariek, eta hura babesteko hainbat arrazoi daudela plazaratu zuten. "Krisia zein hazkundea izan, patronalak irabaziak handitu ditu langileak pobretzearen kontura. Desberdintasun sozialak areagotu dira, bereziki emakume, gazte eta langile migratzaileen artean, eta gutxi batzuen etekinak gure lan eta bizi baldintzen gainetik jarri dituzte, beste behin", azaldu zuten greba batzordeko kideek. 

LGS hemen erabaki lelopean, soldata duinak eskatuko dituzte martxoaren 17an. "Bizitza garestitu egin da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu. Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen", esan zuten. Gainera, greba batzordekoek uste dute aldarrikapen hori egiteko unea dela orain. Batetik, adierazi zuten patronalak "uko" egin diola gutxieneko soldata negoziatzeari, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzaren jokabidea salatu zuten: "EAJ-PSE-EEren Eusko Jaurlaritzak, PP eta Vox bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako herri ekimen legegilea". Gainera, esan zuten langileen soldatak "etengabe erasotzen" direla, izan eremu pribatuan edo publikoan, eta orain, "absentismoaren aitzakian, murrizketa berrien inposatzea" eragingo dutela. 

Grebaren nondik norakoak ulertzeko, zenbait datu ere eman zituzten atzo. Batetik, esan zuten 307.000 langilek 1.500 euro baino gutxiago kobratzen dutela egun, eta kopuru horren gehiengoa emakumeek eta langile migratuek osatzen dutela. Era berean, alderaketa bat ere egin zuten: 2013-2023 urteen artean %53,4 igo ziren industriako enpresen irabaziak, %24,4 egin zuen gora KPIak, eta %16,9 soldatek. Bestalde, gogorarazi zuten zerbitzu pribatuetan 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak dituzten 23 hitzarmen kolektibo daudela gaur-gaurkoz irekita. Langile publikoen kasuan, berriz, soldata igoerak Madrilen erabakitzen direla arbuiatu zuten, eta ondorioz, 1.500 euroko langa gainditzen ez duten zenbat eremu daudela, hala nola enplegu zentro berezietako langileen %80a edo Osakidetzako kategoria jakin batzuetako langileak. Datu horiez gain, azpimarratu zuten Europak gomendatzen duen gutxieneko soldataren bataz bestekoa 1.600 euroko litzatekeela egun Euskal Herrian.

Datuekin batera, Azpeitiko greba batzordeko ordezkariek greba egiteko dauden arrazoiak azaldu zituzten; zortzi zerrendatu zituzten agerraldian: 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzea; arrakala matxistak eta arrazistak murriztea; soldata guztiak gorantz bultzatzea; enpresaz enpresa eta eta sektorez sektore soldatak hobetzea; gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzea; aberastasuna justuago banatzea; eremu publikoko nahiz pribatuko soldatak Euskal Herrian erabakitzea; eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzea. 

Egunerako prest

Greba deialdiarekin bat egiteaz gain, greba batzordeko kideek Azpeitian eta Euskal Herri mailan deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera deitu zituzten herritarrak. Azpeitian bertan ere izango dira zenbait ekintza. Goizaldean, 05:30ean, Garmendiko aparkalekutik abiatuko dira piketeak, eta 09:00etan, eguneko lehen manifestazioa egingo dute herriko plazatik abiatuta; izan ere, 18:00etan egingo dute eguneko bigarrena. Bigarren mobilizazio hori ere herriko plazatik abiatuta egingo dute. Eguerdian, berriz, Donostian egingo duten mobilizaziora joateko deia zabaldu dute Azpeitiko greba batzordekoek; 12:30ean hasiko da Donostiako manifestazioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide