Martxoaren 8a

Igande eguerdian plazaratuko dituzte Martxoaren 8ko aldarriak

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 3a

Azpeitiko Feministen Sareak deitutako elkarretaratzea, 2025eko Martxoaren 8an. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko Feministen Sareak 12:30ean egingo du elkarretaratzea plazan; aurretik haurrentzako tailerra eta ondoren mokadua ere antolatu dituzte. Itaia, berriz, toki beretik abiatuta mobilizatuko da, 13:00etan.

Emakumeen eskubideen, feminismoaren edota berdintasunaren aldeko aldarriak bitan banatuta aterako dituzte plazara aurten ere Azpeitian Martxoaren 8an. Igandearekin egingo dituzte aurten Emakumearen Nazioarteko Egunaren mobilizazioak eta ospakizunak. Azpeitian, plaza izango da horien erdigunea; eta eguerdia, hitzordu nagusien garaia.

Azpeitiko Feministen Sareak 12:30ean egingo du elkarretaratzea plazan, Mundu bat feminismotik leloarekin; aurretik haurrentzako tailerra (plazan) eta ondoren mokadua (Azoka Plazan) ere antolatu dituzte. Arratsaldean, antzerkiarekin borobilduko du Azpeitiko Feministen Sareak aurtengo Martxoaren 8ko egitaraua: Hil da jainkosa lana taularatuko dute Ainhoa Etxebarriak eta Nerea Gartziak Sanagustin kulturgunean, 18:30ean.

Itaiak ere plazatik abiatuta egingo du Martxoaren 8ko mobilizazioa, 13:00etan hasita. Emakume langileok askatzeko batu borrokara! da emakumeen antolakunde sozialistak aurtengo Martxoaren 8rako aukeratu duen leloa. Mobilizazioaz gain, igandean kalera aterako du Itaiak atzotik larunbatera arte Betharramen ikusgai izango den erakusketa

Egitaraua

Hona hemen, 2026ko Martxoaren 8ak Azpeitian izango dituen hitzorduak:

  • 12:00. Haurrentzako tailerra. Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta.
  • 12:30. Elkarretaratzea, Mundu bat feminismotik lelo hartuta. Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta.
  • 13:00. Mokadua, Azoka Plazan. Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta.
  • 13:00. Mobilizazioa, Emakume langileok askatzeko batu borrokara! lelo hartuta, plazatik. Itaiak deituta.
  • 18:00. Hil da jainkosa antzezlana, Azpeitiko Feministen Sareak Kulturazekin elkarlanean antolatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide