Kuadrillen inguruan hausnartuz ekin diete pote filosofikoei

Maialen Etxaniz 2026ko martxoaren 5a

Pote filosofikoen aurreneko saioa, atzo, Sanagustin kulturgunean. (Kulturaz)

Atzo egin zuten Pote Filosofikoak egitasmoaren aurreneko saioa Sanagustinen. Irati Zubiak gidatuta, "kuadrillak babes eta zama" ote diren hausnartu zuten saiora bertaratu zirenek. Apirilean egingo dute hurrengo saioa. 

"Herritarren jakin-mina eta pentsamendua sustatzeko asmoz", Pote Filosofikoak egitasmoa jarri dute martxan aurrenekoz Azpeitian. Kulturaz kooperatibak ekarri du egitasmoa herrira, Txinparta filosofia elkartearen eta gaian interesa duten zenbait herritarren laguntzarekin, eta atzo, asteazkenez, egin zuten aurreneko saioa Sanagustin kulturgunean. Adin desberdinetako dozena bat lagun elkartu zen Irati Zubia filosofoak gidatutako saioan. 

Tragoaren bueltan edo tragorik gabe, kuadrillak eta laguntasuna izan zituzten hausnarketarako gai Pote Filosofikoak egitasmoaren aurreneko hitzorduan. Hain zuzen, "Kuadrillak, babes eta zama?” galderatik abiatuta, askotariko hausnarketak egin eta partekatu zituzten kulturgunera bertaratutakoek. Saioari ekiteko, sarrera bat egin zuen Zubiak, eta haren azalpenak entzun ostean, hausnarketak elkarbanatzeko tartea izan zen.

Duela urte batzuk sortu ziren pote filosofikoak Euskal Herrian, Agora filosofia elkartearen eskutik. Agora Bigarren Hezkuntzako filosofia irakasleen artean sortutako elkartea da, eta bere egitekoen artean dago filosofia plazaratzea eta eskuragarriago egitea. Saioak askotarikoak izan daitezke, baina guztiek antzeko eredua dute. Gidariak sarrera egin ostean, dinamizatzaileak galdera batzuk egiten ditu batzuetan, eta talde txikietan banatuta galdera horien inguruan hausnartzera bultzatzen du hark; beste batzuetan, aldiz, besterik gabe, jendeak nahi eta sentitzen duenaren arabera egiten ditu ekarpenak. Pare bat orduko saioak izan ohi dira.

Aurreneko hitzorduaren harrera ikusita, apirilean egingo dute hurrengo saioa, eta datozen egunetan jakinaraziko du data Kulturazek. 

Irati Zubia, atzoko saioa gidatzen. (Kulturaz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide