Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde, martxoaren 17rako greba orokorra du deituta Euskal Herriko gehiengo sindikalak, eta grebara begirako lanketan dabiltza sindikatuak zein gizarte eragileak, herriz herri. LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute hilaren 17ko greba orokorra, eta deialdiari babesa adierazteko agerraldi jendetsua egin zuten hainbat herritarrek atzo, ostegunez, Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Greba Batzordeak deituta, 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabaki lelopean atera zuten greba babesteko argazkia. Nabarmendu zuten martxoaren 17an mobilizatzeko hamaika arrazoi daudela.
Greba Batzordearen hitzetan, "sistema kapitalista patriarkal, ekozida eta arrazistak" mundua "hankaz gora" jarri du, besteak beste, "joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, eta pobrezian eta prekarietatean sakonduz". Sistemaren ondorioz "aberatsak are aberatsago" direla salatu dute, eta boterea geroz eta esku gutxiagotan dagoela. Gainera, sindikatuek adierazi dute "bazterrean" daudela langile klaseko sektore asko, eta horien aurka jo duela sistemak: "Sorterria utzi duten pertsona migratzaileak, arrazializatuak, aniztasun funtzionala dutenak, gazteak, emakumeak edo sexu-genero disidenteak kapitalaren ofentsibaren jo puntuan daude". Egoeraren gordinaz jabetuta, sindikatuek uste dute Euskal Herria ez dagoela errealitate horretatik salbu.
Patronalaren blokeoa
2025eko uztailean Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioa lortzeko herri ekinaldi legegilea erregistratu zuten ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Eusko Legebiltzarrean, hura babesten zuten 138.495 sinadura bildu ostean. Eusko Jaurlaritzak iskin egin zion proposamenari, eta ordutik etengabekoak izan dira sindikatuen, patronalen eta alderdi politikoen arteko tira-birak. Sindikatu abertzaleek joan den urtarrilean erregistratu zituzten patronalekin gutxieneko soldata propioa adosteko negoziazio eskaerak. Confebaskek, ordea, lehen bilkuran ezetz esan zion sindikatuen proposamenari, eta uko egin zion lanbide arteko gutxieneko soldata propioa negoziatzeari, "bertako enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna arriskuan" jarriko dituela argudiatuta.
Patrolanak eta agintari politikoak "eskutik helduta" doazela salatu dute martxoaren 17ko greba deitu duten sindikatuek, eta harreman horren atzean aberastasuna "modu justuan" banatzeko edozein neurri blokeatzeko asmoa dagoela nabarmendu dute: "Horixe da gutxieneko soldatarekin gertatzen ari dena. Euskal Herrian bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea ekidin nahi dute, eta dagoeneko pairatzen ditugun arrakala sozialetan sakontzea bilatzen dute. Hala, aldarrikapen zilegi, justu eta egingarri bati bide guztiak itxi dizkiote".
Hori dela eta, sindikatuek patronalei eta agintariei presioa egin nahi diete grebarekin: "Herritarrak batu, antolatu eta mobilzatu garenean gure bizitzetarako hobekuntzak lortu ditugula frogatu dugu aurrez ere, eta bide horretan sakontzea dagokigula uste dugu".
Bizi baldintzen hobekuntza
1.500 euroko gutxieneko soldata "herritar askoren bizi baldintzak hobetzeko" urratsa izan daitekeela diote Azpeitiko Greba Batzordeko kideek. Hain zuzen, LGS propioaren aldeko borroka "arrakala matxista eta arrazistak murrizteko, soldata guztiak gorantz bultzatzeko, enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko, gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko, aberastasuna justuago banatzeko, soldatak Euskal Herrian erabakitzeko nahiz Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko" pausoa izan daitekeela nabarmendu dute. Izan ere, deitzaileen aburuz, "Euskal Herriak burujabetza handiagoa behar du lan eta bizi baldintzak hobetzeko".
Gaur egun, hilean 1.134 eurokoa da SMIa Hego Euskal Herrian.
Martxoaren 17an mobilizatzeko deia egin dute atzo Sanagustinen elkartutakoek, eta greba egunerako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Azpeitiko Greba Batzordeak martxoaren 17rako egindako deialdiak:
- 05:30: Piketeak, Garmendiko aparkalekutik.
- 09:00: Manifestazioa, plazatik.
- 12:30: Manifestazioa, Donostian.
- 18:00 : Manifestazioa, Azpeitiko Plazatik.