Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezar dadin eskatzeko, Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra du deituta martxoaren 17rako. Grebari babesa adierazi diote azken egunetan hainbat gizarte eragilek nahiz herritarrek, eta gauza bera egin dute Azpeitiko ELAko eta LABeko delegatuek ere. Pasa zen ostiralean agerraldia egin zuten Azpeitiko Azoka Plazan, deialdiari babesa adierazteko.
Delegatuen hitzetan, "gobernuen eta patronalen arteko aliantza sendoa agerian geratu da", izan ere, horiek "ez dute nahi Hego Euskal Herriko langileek soldata propioa eta duina izaterik, eta baztertu egin dute gutxieneko soldata hemen finkatzeko Herri Ekimen Legegilea". Argi diote gutxieneko soldatak "Euskal Herriko errealitatera egokituta" egon behar duela, eta gaur egun Madrildik ezartzen denak "geroz eta pertsona gehiago pobretzen" dituela.
Oraingo egoera "bidezkoa ez dela" iritzita, hilaren 17rako deituta dagoen greba orokorrarekin bat egingo dutela jakinarazi dute. "Grebarekin, batetik, Confebask eta CEN presionatuko ditugu, negoziatzera eseri daitezen eta 1.500 euroko gutxieneko soldata ezar dezaten. Bestetik, gutxieneko soldata hemen erabakitzeko behar diren ekimen politikoak gauzatzeko eta euskal alderdiek neurri horiek babesteko ere balioko du lanuzteak; eta soldatak hobetzeko nahiz aberastasunaren banaketa justuago baterantz aurrera egiteko ere beharrezkoa izango da".