Bisita gidatua eginda itxi du Itaiak Martxoaren 8ari eskainitako erakusketa

Maialen Etxaniz 2026ko martxoaren 7a

M8: emakume langileon historia erakusketa egon da ikusgai egunotan Betharram erakusketa aretoan, Azpeitiko Itaiako kideen eskutik. Gaur eguerdian bisita gidatua egin dute, eta horrekin borobildu dituzte Martxoaren 8aren atarirako antolatutako ekintzak. 

Astelehenean ireki eta gaur arratsaldean itxi ditu ateak Azpeitiko Itaiako kideek antolatutako M8: emakume langileon historia erakusketak. Itaiako kideek adierazi dutenez, aste osoan zehar adin guztietako herritar ugari igaro da erakusketatik, eta balorazio "oso positiboa" egin dute. Gaur eguerdian bisita gidatua izan da, eta horrekin borobildu dituzte Martxoaren 8aren aurretik antolatutako ekintzak.

Galdera hauei erantzuteko helburuarekin egin dute erakusketa: "Zer dela eta ospatzen da Martxoaren 8a? Zergatik proposatu zen egun hori ospatzea? Nork proposatu zuen? Urtero-urtero gure egutegietan markatuta daukagun eguna da, baina benetan al dakigu zer ospatzen dugun? Beharrezkoa al da Emakume Langileon Nazioarteko Eguna ospatzen jarraitzea?". Hain zuzen, Itaiako kideen hitzetan erakusketaren helburua Martxoaren 8aren izaera iraultzailea gogora ekartzea izan da: "Ospakizun eta festa egun bihurtu den honetan, bere zentzu iraultzaile eta borrokalaria berrartzea nahi izan dugu. Atzo bezala, beste forma batean bada ere, emakume langileon aurkako zapalkuntzak bere horretan jarraitzen duelako".

Erakusketa hiru txokotan banatu dute, eta horiek ezagutzeko eta azalpenak entzuteko aukera izan dute gaurko bisitara bertaratu direnek. Batetik, joera faxistek emakumeen berdintasunarekiko proposatzen duten atzerakadaren adibideak erakutsi dituzte. Bestetik, gaia gaur egunera ekarri, eta Itaiaren apustua zein den jasotzen duen atala, "emakume langilea askatzeko proposamen iraultzailea berrartikulatzeko beharra" erakutsi duena. 

Bisita amaitzean, bihar 13:00etan plazatik aterata egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 
 
(Argazkiak: Azpeitiko Itaia)
 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide