Martxoaren 8a

Morez eta gorriz jantzi dituzte Martxoaren 8ko aldarriak

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 8a

Aurten ere bi deialdi izan dira Azpeitian Emakumeen Nazioarteko Egunean, bata bestearen atzetik: Azpeitiko Feministen Sarearena eta Itaiarena. "Sistema kapitalista zisheteropatriarkal, kolonial eta arrazistaren kontra eta feminismotik eraikitako munduaren alde" zein "emakumeen zapalkuntzaren arduradunak seinalatzeko eta M8aren zentzu iraultzailea aldarrikatzeko" elkartu dira dozenaka herritar.

Morez eta gorriz jantzi dituzte Azpeitiko kaleak gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Aurten ere bi deialdi bereiztu izan dituzte aukeran herritarrek: Azpeitiko Feministen Sarearena eta Itaiarena. Biak eguerdian egin dituzte, bata bestearen atzetik, eta herritar ugari atera dituzte kalera biek.

12:00etan hasi dira, plazan, aurtengo Martxoaren 8ko ekitaldiak. Azpeitiko Feministen Sareak antolatutako haurrentzako tailerra izan da lehen hitzordua; Martxoaren 8arekin lotutako aldarriak, leloak eta irudiak marrazten eta margotzen aritu dira hainbat ume kiosko aurrean. Gero, 12:30ean hasi den elkarretaratzean erabili dituzte horietako batzuk. Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aurrean antolakuntza eta borroka zioen pankarta nagusiaren leloak, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aurtengo aldarriekin bat eginez. Dozenaka herritar jarri dira haren atzean, udaletxera begira. Minutu batzuk igarota, kioskoan jarri dituzte begiak, handik zabaldu dutelako Azpeitiko Femnista Sarekoek beren irakurketa, Mugimendu Feministaren 2026ko mezua, "Azpeitira ekarrita". Horrela, indarkeria matxistak Euskal Herrian eta munduan hildakoak gogora ekartzerakoan, Azpeitian Gabonetan erasotua izan zen emakumea ere ekarri dute gogora; "emakume, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest" daudela aldarrikatzean, Astindu Armayuek! ekarri dute gogora; eta Miren Odriozola azpeitiarraren (han zen bera, plazan) zein Arantza Arrutiren hitzak ere ekarri dituzte gogora, feminismoaren borrokan erreferente izan dituzten gertuko emakumeei aitortza eginez.

Indarkeria matxistak hildakoak eta jotakoak ez ezik, elkartasun eta babesa bidai diete hainbat gatazketan murgilduta dauden emakume feministei, hala nola Palestina, Venezuela, Sahara eta Kurdistan. Borroka internazionalista goraipatu dute. Izan ere, "munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi diren garaiotan" iritsi da Martxoaren 8a aurten. Testuinguru horretan, "sistema kapitalista zisheteropatriarkal, kolonial eta arrazistaren kontra eta feminismotik eraikitako munduaren alde" borrokatzera atera da gaur kalera Euskal Herriko Mugimendu Feminista. "Noraeza, etsipena eta beldurra" gailentzen ari diren garaiotan, "immobilizaziorako joera" egon daitekeen arren, mugimendu feministak borrokatzeko deia egin du: "Guk aspaldi ikasi genuen immobilizaziorako joera kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geratuko". Hain zuzen, Mugimendu Feministarentzat sistema kapitalista, zisheteropatriarkal, kolonialista eta arrazista da zapalkuntzak betikotzen dituena: "Askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan ditu aipaturiko sistemak, gorputz eta lurralde bakoitzean era batera edo bestera lurreratzen direnak. Baina, desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago. Eta hori, errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioen, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez eta abar. Finean, nor kolpatzen duen geroz eta gehiago". 

Azken urteetan martxan jarritako borrokak asko izan badira ere, oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu dute gaur Azpeitiko Feministen Sarekoek, eta gizonak, patronalak zein agintariak seinalatu dituzte, besteak beste: "Urratsak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko, baina batez ere asko dute egiteko. Haiek bai; instituzioek, patronalek, gizonek, sistema hau betikotzen dutenek. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura". Horrekin batera, "egiturak sostengatzen dituztenak" ere jarri dituzte jopuntuan: "Feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituztela salatu nahi dugu, itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakiapean bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte, esaterako, arrazakeria". 

Ez dute "feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik" nahi, ezta mundurik ere, eta hori lortzeko antolakuntzaren beharra nabarmendu dute. "Antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak; emakume, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!". Horren karietara, aliantzak eraikitzeko deia egin dute: "Elkarrekin nahiz subalternitate propioetatik, eraiki ditzagun sare sendoak. Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik". 

Lurdes Iriondoren Hala ere abestiari erreferentzia eginez ("nabil, eta nabilelako nago hain zikin") bukatu dute eguneko irakurketa eta, hain zuzen, abesti horrekin itxi dute ekitaldia: Irune Book eta Garazi Albizurik abestu dute, Garazi Urkizu gitarrarekin eta Maite Bereziartua pianoan lagun zituztela.

Elkarretaratzearen ondoren, Azoka Plazan mokadua prest zuten Azpeitiko Feministen Sarekoek. Horrekin bukatu dituzte eguerdiko ekitaldi nagusiak, baina Martxoaren 8ko egitaraua ez. Izan ere, 18:0etan, Hil da jainkosa antzezlana emango dute Sanagustin kulturgunean.

"Alternatiba iraultzailea"

Feministen Sareak deitutako elkarretaratzeari berehala hartu dio lekukoa plazan Itaiak deitutako mobilizazioak. Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki! lelodun pankartak ireki du 13:00etan plazatik irten eta kalez kale ibili ondoren hiru bat ordu laurden eta gero plazan bertan bukatu den manifestazio jendetsua. Emakume langileen borrokaren aldeko edota indarkeria matxistaren kontrako leloak etengabe oihukatuz osatu dute ibilbidea Itaiakoek. Ibilbide horretan zehar, emakumeen antolakunde sozialistak gaurkorako prestatutako hainbat aldarrirekin pankartak jarri dituzte, eta atzo arte aste osoan zehar Betharramen ikusgai izan den erakusketaren elementuak ere jarri dituzte Plaza Txikitik plazarako bidean.

Manifestazioa plazara sartu denean, Mara eta Lur bikoteak kioskoan Ekidaren Ez gara makurtuko kantatuz egin die harrera mobilizazioan parte hartu dutenei, eta ondoren etorri da eguneko irakurketaren unea.

"Emakume langileen interesak defendatu eta borroka iraultzaileari bultzada eman" nahi izan du Itaiak Martxoaren 8arekin, duela mende bat gaurko eguna arrazoi horiekin egiten hasi zirela gogora ekartzeko eta "azken urteetan erakundeek eta alderdiek edukiz hustu nahi" izan dutela azpimarratuz. Horrela, "emakumeen zapalkuntzaren arduradunak seinalatzeko eta M8aren zentzu iraultzailea aldarrikatzeko" elkartu dira gaurkoan Itaiakoak.

Emakumeek "zapalduta" jarraitzen dutela salatu du Itaiak, eta azken urteetan emakume langile "askoren" egoera ekonomikoa okertu egin dela gaineratu. "Ikusi besterik ez dago sektore feminizatuetako lan baldintzen egoera penagarria edota emakume etorkinek bizi duten pobrezia. Gainera, instituzioek enpresa munduaren interes ekonomikoak lehenesten jarraitzen dute. EAE-n, adibidez, EAJk zaintza zerbitzuen pribatizazio masiboa gauzatu du, familien eta zaintza sektoreko langileen baldintzak okertuz". Sektore horietan "eskubide politikoak zuzenean kolpatzen" badituzte ere, jantokietan, adinekoen egoitzatan eta beste hainbat esparrutan emakumeek borrokan dihardutela azaldu dute, eta bide horretan, gogora ekarri dituzte Azkoitiko San Jose egoitzako zein etxez etxeko arreta zerbitzuko langileak.   

Horrez gain, emakumeek "egunerokoan" indarkeria matxista sufritzen jarraitzen dutela gaitzetsi dute. Horren harira, "alderdi ultraeskuindarrak eta asaldatzaile misoginoak" matxismoa "normalizatzen" ari direla azpimarratu dute. "Emakumeok eskubide gehiegi ditugula diote, eta beraz, atzerakada bat proposatzen dute: indarkeria matxistaren aurkako legeak, abortu eskubidea edota osasun zerbitzuak jo puntuan jarri nahi dituzte. Gainera, gezur eta buloen bitartez, faxista horiek matxismoaren existentzia ukatzen dute". Horren aurrean, faxistei argi esan die ez dutela onartuko emakumeak "gizonen mesedetara" egotea, "plazererako objektutzat" hartzea edota emakume etorkizunen aurkako "ehizarik". 

Egoeraren erantzule AEBetako eta Europako oligarkia egin du Itaiak; "izan ere, bai lan baldintzen okertzea, bai eskubide politikoen ezabapena eta baita ideia faxisten eta
matxisten zabalpena ere mendebaldeko oligarkiaren agendaren parte dira. Epsteinen
paperetan agertzen diren oligarka pedofilo eta misogino horien agindupean ezinezkoa da emakume langileon zapalkuntza ezabatzea". Horren aurrean, "urgentziazkotzat" jo dute horri guztiari aurre egitea. 

Bestalde, Itaiaren ustez, "ezker instituzionalak" bere burua "faxismoari aurre egiteko plataformatzat" aurkeztu du, baina "alderdi sozialdemokraten eskutik", emakume langileen "zapalkuntza ekonomiko eta soziala" mantendu egin da azken urteetan, eta testuinguru horretan "faxismoa eta ideia atzerakoiak" indartu baino ez dira egin. "Guztiz irreala da zapalkuntzak gainditu nahi izatea zapalkuntzak betikotzen dituen sistema batean".

Horregatik guztiagatik jo dute beharrezkotzat emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko "alternatiba iraultzailea" eraikitzea. Horretarako, batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatzearen alde egin du, "faxistak eta erasotzaileak ez dezaten kalean lekurik" izan. Bestetik, emakume langileen "interesak eta problematikak" lehen lerroan jarriko dituen "bide orri iraultzailea" garatzearen alde ere du, eta horretarako, indarkeria matxista eta esplotazio ekonomikoa ezabatzeko baldintzak jarriko dituen "estatu sozialista" eraikitzera indarrak bideratzeko premia azaleratu du, Itaiaren esanetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide