Autobus zerbitzuan gorabehera ugari eragingo ditu asteburuko errepide mozketak

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 12a

Ezkuztako zubiaren inguruak, gaur goizean. (Mailo Oiarzabal)

Ezkuztako zubiko lanen ondorioz, Azpeitia eta Zestoa arteko garraio publikoa Madalenako bide zaharretik bideratuko dute. Zapatuan 06:00etatik 14:00etara, ordea, bide hori ere itxita egongo da: AP-8tik ibiliko dira autobusak tarte horretan, eta Azpeitia eta Azkoitia zein Zestoa eta Arroabea lotzeko aparteko autobusak jarriko dituzte. Aldaketa gehiago ere izango dira.

Lurraldebusek duela gutxi jakinarazi ditu Ezkuztako zubiaren lanak tarteko datorren asteburuan GI-631 errepidea itxita egongo den 40 orduetan –zapatuko 06:00etatik igandeko 22:00etara– autobus zerbitzuan izango diren aldaketak eta gorabeherak, eta ez dira gutxi izango.

Martxoaren 14 goizetik 15 gauerainoko aipatu 40 orduotan, erabat itxita egongo da Ezkuztako zubia ibilgailu pribatuentzat, eta Madalenako errepide zaharra ere ezingo dute erabili ibilgailu horiek. Izan ere, larrialdi zerbitzuetarako eta autobusen joan-etorrirako gordeko dute bide hori, zerbitzu publikoa eskaintzen duten ibilgailuek Azpeititik kostalderako eta alderantzizko sartu-irtenak egin ahal izan ditzaten. Hori dela eta, asteburu osoan zerbitzuan "atzerapenak aurreikusten" dituela jakinarazi du Lurraldebusek.

Zapatuan 06:00etatik 14:00etara, gainera, Madalena auzotik igarotzen den bidea ere itxi egingo dute. Tarte horretan, AP-8tik –Elgoibar eta Arroabeko lotuneen artean– ibiliko dira UK01 (Azkoitia-Donostia), UK03 (Azkoitia-Zarautz) eta UK06 (Zumaia-Zumarraga) lineetako autobusak. Hori dela eta, zapatuko 06:00ak eta 14:00ak artean Azpeitia eta Azkoitia zein Zestoa eta Arroabea lotzeko aparteko autobusak jarriko dituzte, anezka edo lanzadera zerbitzua eskaintzeko.

Era berean, hiru geltoki ezeztatuta geldituko dira Ezkuztako zubia itxita egongo den ordu guztietan: Julian Elorza kalekoa, Euskal Burdinbidearen Museoaren ondokoa eta Lasaokoa. Azkenik, Zestoa eta Ermua lotzen dituen UK05 lineako 07:45eko autobusa ez da Zestoatik irtengo, Azpeititik baizik.

Aparteko autobusak eta aldaketak

Ondoko loturan kontsulta daitezke Lurraldebusek martxoaren 14rako eta 15erako aurreikusitako aldaketak.

Aldaketa berberak kontsulta daitezke beherko irudiotan ere:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide