M-17 greba orokorra

Greba dela eta, udal eraikin nahiz zerbitzu guztiak itxita izango dira datorren asteartean

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 13a

Azpeitiko udaletxea. (Maialen Etxaniz)

Astearterako greba orokorrera deitu dute hainbat sindikatuk Hego Euskal Herrian, eta Azpeitiko Udalak bat egin du deialdiarekin. Halaber, herriko zenbait eragile nahiz enpresa ere batu dira deialdira; beste hainbatek gaur hartuko dute erabakia.

Datorren astearterako, martxoaren 17rako, greba orokorrera deitu dute hainbat sindikatuk Hego Euskal Herrian, eta deialdi horrekin bat egin dute udal langileek. Ondorioz, itxita izango dira egun horretan udaletxea eta gainerako udal eraikin nahiz zerbitzu guztiak, hala nola igerilekua, kiroldegia, liburutegia, euskaltegia, ludotekak, Gaztelekua nahiz Emakumeen Txokoa.

Dagoeneko egin dituzte grebaren bueltako bozkaketak herriko hainbat enpresatan, nahiz eta gaur ere hainbatetan erabakiko duten deialdiarekin bat egin edo ez. Gaur-gaurkoz, Greba Batzordeak emandako datuen arabera, honako eragile nahiz enpresa hauek batu dira grebara: Ikasberri Ikastola, Kulturaz kooperatiba, Ia Tecnica, Biele, Elikagunea, Elkargunea, Arimar, Elmubas, Corrugados Lasao, Astigarraga Kit Line, Mendiaraiz, Glual eta Sammic.

Bestalde, greba tarteko, astearteko ohiko azoka astelehenean izango da.

Auto karabanak

Grebaren atarian, Azpeitiko batzordeak deituta, gaur eta astelehenean auto karabanak egingo dituzte Antzibarrena industrialdetik abiatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide