Elurretan egin dute Azpeitia eta Mandubia arteko bidea

Ihintza Elustondo 2026ko martxoaren 14a

Gaurko ibilaldian parte hartu duten korrikalariak, abiatu aurretik, plazan. (Domusa Teknik 40 MLK)

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren ibilbide erdia egin dute gaur hainbat korrikalarik: Azpeitia eta Mandubia arteko 34 kilometroko bidea, hain zuzen ere. Gailurrak zapaldu dituztenean, elurra izan dute bidelagun. 

Domusa Teknik 40 MLK probaren antolatzaileek ibilbidea ezagutzeko entrenamendu irekiak antolatu dituzte aurten ere. Lasterketaren ibilbidea bi zatitan banatuta egingo dituzte prestaketak: gaur Azpeitia eta Mandubia arteko 34 kilometroko ibilbidea egin dute, eta eguraldi kaskarra eginagatik, hainbat kirolari animatu dira entrenamenduan parte hartzera. Martxoaren 28an egingo dute probaren beste zatia: Mandubia eta Azpeitia arteko 31 kilometroko bidea.

Aurreko urteetan bezala, entrenamendu irekietan parte hartzen dutenentzako autobus zerbitzua, anoa postua, Fante produktuak eta bukaeran dutxatzeko aukera jarriko dituzte. Kirolariak entrenamendu saioetan parte hartzera animatu dituzte probaren antolatzaileek: "Entrenamendu irekiak izango dira, eta maila desberdineko taldeetan banatuko garenez, ez dago aitzakiarik etxean gelditzeko". Hurrengo saioan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. 

Maiatzaren 9an izango dira Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probak, Azpeitian. Lasterketa luzean bosgarren edizioa jokatuko da eta motzaren hirugarrena, Herritik herriarentzat lelo hartuta.

Korrikalariek elurra topatu dute gailurretan. (Domusa Teknik 40 MLK)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide