Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila aldarrikatzeko grebara deitu dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek biharko. Azpeitiko Greba Batzordeak azaldu duenez, biharko deialdia "indartsu" iritsiko da herrira: "Horren erakusle dira herriko enpresa handietan egin diren bozketak. Halaber, zerbitzu publikoetan jarraipen zabala izango duela aurreikusten dugu, eta merkatari askok adierazi digute komertzioetako ateak itxiko dituztela". Hain zuzen ere, batzordeak emandako datuen arabera, 1.200 langilek baino gehiagok eta ehunka ikaslek egingo dute bat deialdiarekin.
Hainbat mobilizazio antolatu dituzte bihar egun osorako. Hain zuzen ere, 05:30an piketeekin ekingo diote egunari, eta 09:00etan manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta. Gainera, manifestazioak irauten duen bitartean umeentzako zaintza zerbitzua jarriko dute. Gero, eguerdian, hiriburuetan egingo diren manifestazioetara joateko deia egin dute, eta herrian egingo dute eguneko ekitaldi nagusia arratsaldean izango da: manifestazioa egingo dute, 18:00etan, plazatik abiatuta. Azpeitiko Greba Batzordeak herritar guztiak animatu ditu deialdi horietan parte hartzera; izan ere, greban parte hartzeaz gain, garrantzitsutzat jo dute kalean aldarrikapenez betetzea. "Enpresari eta agintaria politikoei mezu argia emango diegu: lan baldintza duinak nahi ditugu guztiontzako", gaineratu dute.
Batzordearen aburuz, langileen pobretze orokorraren aurrean, lantokiak husteko eta kaleak betetzeko eguna izango da biharkoa. "Aldi berean, elkartasun egun bat ere izango da, egoerarik zailenetan dauden langileen soldatak igotzea izango baita grebaren xede nagusia". Halaber, batzordeak azken asteetan egindako lana azpimarratu nahi izan du, herritar asko inplikatu direlako grebaren atariko lanetan. "Lan handia izan da, baina sinestuta gaude emaitzak ikusiko ditugula. Langileon baldintzen hobetzea ez da inoiz zerutik erori, grebak eta mobilizazioak izan dira historikoki borrokarako gure lanabes nagusiak, eta horrela izaten jarraitzen dute gaur egun ere". Halaber, eskuin muturraren oldarraldia eta herritarren aurkako askotariko neurri ekonomikoak eta sozialak eskutik helduta iritsi direla azaldu dute, eta herritarrei dagokiela elkar hartzea eta erreakzioari aurre egitea.
Udal eraikinak itxita
Biharko greba deialdia nabarituko da herrian. Izan ere, hainbat enpresa eta saltoki ez ezik, itxita izango dira udaletxea eta gainerako udal eraikin nahiz zerbitzu guztiak, hala nola igerilekua, kiroldegia, liburutegia, euskaltegia, ludotekak, Gaztelekua nahiz Emakumeen Txokoa. Halaber, Urola Erdiko Mankomunitateak herritarren arretara bideratuta dituen zerbitzuak ere itxita egongo dira; baita Azpeitiko Azoka Plazako bulegoak, eta LAIENeko –lehengo Lapatx– instalazioak ere.
Herriko hainbat enpresatan ere egin dituzte grebaren bueltako bozketak, eta Greba Batzordeak emandako datuen arabera, honako eragile nahiz enpresa hauek batu dira deialdira: Ikasberri ikastola, Kulturaz kooperatiba, Ia Tecnica, Biele, Elikagunea, Elkargunea, Arimar, Elmubas, Corrugados Lasao, Astigarraga Kit Line, Mendiaraiz, Glual, Sammic eta Larrañaga zerrategia.
Gukak, bestalde, grebaren jarraipen berezia egingo du bihar egun guztian zehar.