Martxoaren 17a da, greba eguna Hego Euskal Herrian, eta Azpeitian ere eragina nabaria da goizean goizetik. Enpresa gehienetako langileek uko egin diote lanera joateari, baina izan dira kontrako hautua egin dutenak ere. Piketeen bisitaren ostean, ateak ixtea erabaki dute zenbait enpresak, baina pare bat tokitan tentsio uneak izan direla nabarmendu dio Greba Batzordeak hedabide honi, "Pemecen eta Oñatzen, esate baterako". Piketeak ez ezik, ertzainak ere Landetako industrialdeetan ibili dira goizean goizetik, eta horiek grebalari bat identifikatu dute.
Industrialdeetan ez ezik, kalean ere ibili dira pikete informatiboak goizean goizetik. Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez, 07:30ean abiatuta, auto karabana egin dute Azpeititik Azkoitira, eta ondoren, 08:30ean igerilekuaren ataritik abiatuta, herria zeharkatu dute zabalik zeuden negozioetako langileei greba egiteko arrazoiak azalduz.
(Argazkiak: utzitakoak)