Urrestillako erdiguneko berrurbanizazio proiektuaren hirugarren eta azken fasearen lanak datorren astelehenean, martxoaren 23an, hasiko dituzte.
2024an Kaletxiki eta 2025ean Sinberguentzako zubia eta ingurua berritu ondoren, 2026an Kaleaundi eta Altuna Errota kaleen txanda izango da. Hain zuzen ere, Kaleaundiko bide zorua eta azpiegiturak berritu, eta Altuna Errota kalean espaloi berria egingo dituzte. 292.262 eurotan esleitu ditu lanak Azpeitiko Udalak, eta hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusi du.
Lanek irauten duten bitartean, Kaleaundi itxita egongo da ibilgailuentzat, Altuna Errotan ere lanak egin ahala izango dira gorabeherak, eta horiek aldaketak eragingo dituzte trafikoan. Autobus geralekua Kalebarreneko aparkalekura lekualdatuko dute lanek dirauten bitartean. Bestetik, Altuna Errotatik Balantzategiko zubirako eta ibai ondoko aparkalekurako sarrera-irteeretarako errei bat irekita mantenduko dute momentuz.