Gaur hasiko da Atharratzen (Zuberoa) 24. Korrika, AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko egitasmo erraldoia, eta Bizkaiko hiriburuan, Bilbon, bukatuko da martxoaren 29an. Euskara gara lelo hartuta, 2.500 kilometro inguru egingo ditu Korrikak Euskal Herri luze-zabalean. Azpeititik, berriz, Korrika Bilbora iritsi aurreko egunean, martxoaren 28an, igaroko da.
Azpeitiarrek Korrikaren Bilboko amaiera ekitaldira joateko aukera izateko antolatu ditu autobusak Azpeitiko Korrika Batzordeak. Martxoaren 29an autobusak 10:00etan irtengo du anbulatorioaren aurretik eta 20:00etan izango da bueltan. Autobuserako txartelak 5 euro balio ditu, eta dagoeneko eskuragarri daude Sanagustin kulturgunean eta Izaro tabernan Sanjuandegin.
Korrika Egunerako petoak banatuta
Martxoaren 28an, zapatuan, Errezildik iritsiko da Azpeitira 24. Korrika; hain zuzen, Domusa Teknik lantegiaren parean 15:45ean izango da Korrika. Herria igarota, Zestoara abiatuko da, eta handik bueltan berriro etorriko da Korrika Azpeitira; 17:50ean igaroko Larrar Berri baserriko bidegurutzearen paretik. Gero, Azkoitia aldera joango da euskararen aldeko egitasmoa. Egun horretan lekukoa eramango duten eragileen artean atzo, asteazkena, banatu zituzten petoak Azpeitiko Korrika Batzordeko kideek.
Aste honetan jakinarazi dute Azpeitian eragileek zein tokitan hartuko dute 24. Korrikaren lekukoa.

Egitaraua
Martxoak 27, ostirala. 10:15ean hasita, Korrika Txikia.
Martxoak 28, larunbata. Korrika Eguna.
- 11:00-12:30. Orientazio proba haurrentzat eta gaztetxoentzat. Halaber, margoketa txokoa txikienentzat, plazan.
- 12:00-13:00. Domusa Teknik 40 MLK lasterketa prestatzeko bigarren entrenamendu saioko partaideen iritsiera, plazan.
- 13:00-14:30. Bertso poteoa, plazan hasita. Bertsolariak: Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oier Etxeberria. Trikitilariak: Eneko Arbeo eta Julen Badiola.
- 15:45. Korrika iritsiko da Errezildik herrigunera.
- 17:50. Korrika berriz iritsiko da Zestoatik herrigunera.
- 18:30-21:30. Erromeria Sanagustinen, Trikigiroren eskutik. Trikitilariak: Lurdes Alkorta eta Lidia Irigoien nahiz Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus.
- 22:30. Azax taldearen kontzertua, Sanagustinen.